GARA > Idatzia > Kultura

Munduan zeharreko bidaia ahoz-ahoko kontakizunen bidez

Munduko Kontu Kontalarien jaialdia ospatuko da Bizkaian datorren astean eta, aurtengoan, nazioartetik etorritako hamar kontalari izango dira euren herrialdeetako istorioak ekarriko dituztenak. Bakoitzak bere ukitu bereziaz, bidaiatzeko gonbita luzatuko diete haur eta helduei.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Urterik urte entzutea bereganatzen ari den jaialdia da Munduko Kontu Kontalariena. Ipuinak haurrentzat soilik diren ustea alboratu eta helduei zuzenduriko ipuinak biltzea du helburu ekimenak eta, era berean, ahoz ahoko transmisioaren bidez gaurdaino iritsi diren kondaira eta ipuinak entzuleriari helaraztea. Horretarako, herrialde ezberdinetatik etorritako kontu kontalariak Bizkaiko hamar herritan izango dira hilaren 18an hasi eta 22ra bitartean, hitza erabiliz euren sorterriaren argazkia entzuleari eskaintzeko.

Herri bezainbeste kontalarik hartuko du parte jaialdiaren zazpigarren edizioan, bakoitza bere adierazteko erarekin. Besteak beste, Vietnam, Kuba, Estatu frantsesa edota Andaluziatik etorritako esatariak izango dira eta, horien artean, Carlos Ortiz Caoz kolonbiarra. «Como decía mi abuelo...» lanarekin «Kolonbiaren sinopsi txiki bat» egitera etorriko dela azaldu du eta, saioan zehar, «aitona unibertsalaz» hitz egingo duela: «Urte asko bizi izan diren horiek osatzen dute aitona unibertsala; asko ikasi dut eta ikasten dut haiengandik». Aitona zendu zitzaionean erabaki omen zuen saio hau osatzea eta, kontakizunetan, haren izaera berreskuratzen omen du: «Poroetatik irteten zait, bere ahotsa da aditzen dena, dena handizkatzeko zuen grazia hura... Aitonak esaten zuen kontalariek ez dutela gezurrik esaten, egiak eraikitzen dituztela, eta nik kafea lantzen den guneko egiazko istorioak bildu ditut». Kolonbiako nekazarien janzkera soinean («carriel» deituriko larruzko poltsa, pontxoa eta txapela), lansaioaren ostean kafea hartzeko biltzean kontatzen zituzten kontu zaharrak berreskuratuko ditu.

Aho zabalik nazioartean

Ipuin kontalariena bakarkako lantzat hartzen den arren, ez da hau Palique Cuenteras bikotearen kasua. Venezuelan urte ugari pasa badituzte ere, Magda Labarga kanariar uharteetakoa da eta bere lankidea, Marissa Amado, jaiotzez peruarra, orain hamar urte joan zen Estatu espainolera. «Ojos como platos» lanaren bidez euren bidaietan (Portugal, Mexico, Txile, Kuba...) aho zabalik utzi dituzten kontakizunak izango dituzte hizpide. Eta ez omen dira gutxi.

«Harridura eta lilurarekin zerikusia duten kontuak aipatuko ditugu, asko guri gertatuak. Herrialdeka hitzek esanahi ezberdinak dituzte eta barregura zein lotsa sorrarazi izan dizkigute gaizki-ulertuek. Ozeanoaren bi aldeez ariko gara, hitzen esanahi bikoitzez». Euren esperientziatik abiatutako, asmatutako zein literaturatik hartutako ipuinak txandakatuko dituzte, batak besteari emanez hitza, elkarrizketa formatuan eta bi aulkiren laguntzaz. Inprobisazioa omen dute gustuko eta, beraz, entzuleen jarreraren arabera eraikiko omen dute saioa.

Gertuagotik, Salamancatik etorriko da Eugenia Manzanera. Antzezle, klown eta bufoi izana, umorea eta ironia landu ditu emakumearen ikuspuntutik eta keinuak eta interpretazioa erabiltzen ditu hitzari indarra emateko. Esan duenez, erotismo puntua ere ba omen dute zenbait pasartek eta bere helburua «hitzak erabiliz irudiak osatzea» omen da. Bere saioan barrea ziurra dela azaldu badu ere, ipuinen sakoneko esanahiak azaleratzea atsegin omen du.

EGIAK ETA GEZURRAK

Kontalariek ez omen dute gezurrik esaten; egiak eraikitzen omen dituzte. Hori esan du, behintzat, «Kaoz» Kolonbiatik etorritako kontu kontalariak. Kafea lantzen den guneko istorio zaharrak berreskuratuko ditu.

Fitxa

Data: Hilaren 18tik 22ra.

Lekuak: Harresi kultur aretoa (Agurain), Zelaieta zentroa (Zornotza), Lonbo aretoa (Arrigorriaga), Nestor Basterretxea aretoa (Bermeo), San Agustin kulturgunea (Durango), Espaloia Kafe Antzokia (Elgeta), Arriola Antzokia (Elorrio), Markina-Xemeingo Herri Liburutegia, Mugire Txokoa (Mungia) eta Zallako Udal Liburutegia.

Ordutegia eta informazioa: Areto edo kulturuneetan.

«Ipuin iberiarrak», euskal ordezkaria

Fran Lasuenen gidaritzapean dator «Ipuin iberiarrak» izendatu duten ekimena, Munduko Kontu Kontalarien jaialdian euskaraz eskainiko den lana, alegia. Penintsulako bost idazlek (Saramago, Llamazares, Rivas, Monzo eta Atxaga) bost hizkuntzatan (portugesa, espainola, galiziera, katalana eta euskara hurrenez hurren) idatzitako ipuinak hartu eta bakoitzarentzat berariaz musika idatzi dute Lasuen, Asier Ercilla eta David Nanclares musikariek eta, beraz, saio musikatua izango da eskainiko dutena. Kontakizunek ikus-entzunezkoen laguntza ere izango dute, «bakoitzarentzat musika bat ondu den bezala, beren ilustrazioa ere izan behar dutelako». «Ipuin iberiarrak» lanaren lehenengo bertsioa eskainiko dute jaialdian, hau da, euskarazkoa, baina jada gainerako moldaketak ere prestatzen ari omen dira: «Ipuin iberiarrak direnez, guk penintsulako hizkuntza guztietara itzuli nahi izan ditugu», azaldu du Lasuenek, eta taula gainean Kandido Uranga eta Ruth Guimera aktoreak izango direla azaldu du. Hizkuntzaren arabera antzezleak aldatu egingo dituzte.

A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo