GARA > Idatzia > Kultura

Gizarte osoaren eskubidea aldarrikatzen

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Makina bat gazte dira gure herrian txikitatik antzerkiaren eta bere inguruan dauden hainbat lanbideren maitale direnak. Asko dira haurtzarotik antzerkiaren pozoiarekin maitemintzen direnak, ni neu bezala. Baita dantzaren mugimenduek sorgintzen dituztenak ere. Eta zinemaren magiak txoratzen dituztenak. Eta testu dramatikoen bidez euren istorioak idatzi eta zuzentzeko ametsak dituztenak... Ingeniari izatea amesten duten haurrak bezalakoxeak dira. Edota medikuntza, edota irakaskuntza, edota albaitaritza, edota kazetaritza... Hauek guztiek daukate amesten duten hori gure herrian ikasteko aukera. Baina zer gertatzen da istorioak kontatzeko desioa duten beste guzti horiekin? Non ase dezakete euren egarria? Non ikasi dezakete ofizio horren teknika? Badira Euskal Herrian ofizio honen ikasketak eskaintzen dituzten zentroak, bai. Baina nahikoa zaila dugu gure ofizio hau, aldakorra eta irregularra, eta egun batean kale gorrian aurkitzen badira, bagara, ba al daukate, ba al daukagu beste zerbaitetan lan egin ahal izateko titulurik? Eta titulu hori homologatu eta ikasten jarraitu ahal izateko? Ez.

Gure herrian ez da titulu ofizialik ematen ikaskuntza hauen trukean. Ofizialki ez duzu ezer ikasi, ez dakizu ezer. Arte dramatikoa, zinema, dantza, etab. ikastera, euskal herritarrok gure herritik kanpo joan behar dugu. Hemen ez baitaukagu inolako aukerarik. Ez baitago ezer ofizialik. Eta kanpoan izan garenok badakigu jakin harri azpitik ateratzen direla aktore, dantzari eta zuzendari euskal herritarrak. Zer gertatzen da hemen? Gure herrian aintzat hartzen ez duguna kanpokoek baloratzen al dute? Gure ofizioak ez ote du besteen mailarik edota garrantzirik? Zenbat balio du guretzat kulturak? Deus? Zer gertatzen da bokazioa dakarten gazte horiekin? Nork indartuko ditu euren gaitasunak? Eta nork ustiatuko ditu gero? Geuk? Edota kanpokoek? Urrea balio duen altxorra baztertzen ari gara gure utzikeriagatik. Noiz ohartuko gara horretaz? Noiz konturatuko gara herri batentzako arte eszenikoek duten garrantziaz? Gizarte osoaren hezkuntzarako, askatasunerako eta garapenerako? Gure artistei aukera bat ematen ez badiegu alde egingo dute guztiek orain arte bezala, eta guk berdin jarraituko dugu. Arte eszenikoen eskola ofizial bat behar-beharrezkoa dugu Euskal Herrian. Eskubidea daukate gure gazteek, gure ofiziokoek, gure publikoak eta baita gure gizarte osoak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo