GARA > Idatzia > Zinema

«Las alas de la vida», bizitzaren hauskortasuna eta duintasuna

Carlos Ristosen ideiatik abiatuta eraiki dute «Las alas de la vida" dokumentala. Ristosi, sendagilea bera, hilurreneko gaixotasun bat zuela iragarri eta Antoni P. Canet zuzendariarekin heriotzaren eta bizitzaren arteko mugari buruzko hausnarketa egitea proposatu zuen.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Gaixotasun batek heriotzera daraman pertsona baten egunerokotasuna, egoera onartzen jakitea, gorputzak funtzioak galtzen dituela sentitzea eta horrek guztiak sorrarazten dituen galderak eta egoerak islatzen ditu «Las alas de la vida» filmak. Antoni P. Caneten zuzendaritzapean, Carlos Cristosen egiazko istorioa kontatzen du lanak. Orain dela hiru urte grabatzen hasia, Cristos bera -familia medikua, irratiko osasun-saio bateko esataria, kirolaria, musikari eta musikagilea, asmatzailea...- izan zen filma egiteko ideia izan eta bere lagun Canetengana jo zuena. Bere istorioa kontatzea baino, jendarteratzeko lana izan da Ristosek buruan zuena: «Gai hauen inguruan aditu ezberdinek mezu serio eta positiboak transmititzea nahi genuen, oinarri zientifikodunak eta ulerterrazak izango zirenak. Azken batean, filmaren helburua hausnarketa bultzatzea eta, amaieran, denok eragingo gaituen zerbaitetarako prestatzen laguntzea da».

Ikuspegi horretatik abiatuta, hilurreneko gaixoek egunerokotasunarekin jarraitzeko dituzten zailtasunak, etxean egin beharreko aldaketak eta atzean utzi behar izan dutena islatzen ditu lanak, betiere ikuspegi «positiboa» erakutsi nahiz («geratzen zaidan denbora uko egite positiboen garaia baita») eta morboan erortzeari muzin eginez. Bizitzaren hauskortasunaren gaineko burutazioak, heriotzari buruzko galderak («zer sentituko dut hiltzear nagoenean?») eta duintasuna ditu hizpide nagusi. Eta agurrak, eta hiltzean norbere gorpuarekin egin beharrekoa erabaki beharrak.

Hainbat adituren partehartzea ere izan du dokumentalak eta, horiek, testamentua egiteaz, ama zezulen ikerketaz eta suizidioa, eutanasia eta bizitza ez luzatzearen arteko desberdintasunen eztabaida dute hizpide.

Heriotzari aurpegira begiratuz

Dokumentala gauzatu ahal izateko, lantaldeak Cristosekin konpartitu ditu azken hiru urteak. 70 orduko grabazioaren emaitza da mementoz Bilboko Renoir zinemetan soilik emango den filma eta, bertan, Ristosek gaixotasuna onartzen dueneko unea («Nire gorputza huts egiten ari da eta ni bere barruan bizi naiz. Huts egite hori ikusten jarraituko dut»), ingurunera egokitzea (dutxa, ordenagailua, gitarra...), egunerokotasuna eta sorterrira, Galiziara, egindako azken bisita jaso ditu.

Zuzendariaren hitzetan, «bere pentsamendu, sentimendu eta begien bidez heriotzari aurpegira begiratu eta, negar zotinka beharrean, lasaitasunez eta, ahal badugu, irribarrez jasoko dugula esan diogu. Heriotza, bizitzaren etapa bat baita».

Estreinaldia

Zuzendaria: Antoni P. Canet.

Parte hartzaileak: Carlos Cristos, Omar Karpyza, Carmen Font, Carmela Cristos Font, Arantza Gorospe, Carlos Simon, Enric Benito, Olvido Gonzalez.

Herrialdea: Estatu espainola.

Iraupena: 90 minutu.

Generoa: Dokumentala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo