Martín Aranburu Politologoa
Al Qaeda
Al Qaeda talde armatua 2001eko atentatuak arte ezezaguna zen mundu honetako biztanle gehienentzat. New Yorkeko atentatuen ondoren, aldiz, bere indarra eta krudeltasuna Europan, Asian eta Afrikan ere azaldu dute. Lehen existitzen ez zen fenomeno batek Irakeko gerrate zibila, Afganistango guda zein Aljer, Madril edo New Yorkeko atentatuak azaltzeko balio du gaur egun. Zer da ordea Al Qaeda? Nire ustez, bi dira gaur egungo gatazka hauek hobe ulertzeko nahitaezko urratsak: azterketa erlijiosoa eta azterketa politikoa.
Al Qaeda, Irakeko burruka talde desberdinak edo Afganistango talibanak aztertzeko garaian analisi erlijiosoa ezinbestekoa da. Izan ere, borrokaren justifikazioan elementu erlijiosoak aitatzen badira, erlijioaren ezagupide guztiak zabaldu behar dira, Islamak zer dioen ondo ulertuz eta, batez ere, musulmanek beren erlijioa nola ulertzen duten asimilatuz. Ulermen horren arabera, borroka armatuari eman beharreko erantzuna ere desberdina izango da. Al Qaeda aberats zoro batek finantzatu eta bultzatutako talde armatutzat jotzen badugu, errotik okertuko gara arazoaren azterketan eta, beraz, arazoa konpontzeko praktikan jarri beharreko soluzioan. Aberastasunak eta bere kideetako batzuk izan dezaketen fundamentalismo kutsuak talde armatuaren ahalmen armatuan du eragina, bere indarra handituz eta bere presio aukerak mila bider biderkatuz. Besterik da, ordea, talde horren erroetan dagoen bestelako indarra: soziala.
Mundu mailako politikan eragiteko hainbesteko ahalamena duen talde batek nahitaez behar du indar sozial handia. Ekintzaileak nonahi. Egiturak munduko estatu askotan. Diruak egitura asko bideratu ditzake, baina Afganistanen, Iraken, Aljerren edo Casablancan eragile politiko eta sozial izateko ahalmena beste elementu batek ematen dio: herri horietan guztietan bertako biztanleen kopuru zehatz batek ematen dion sostenguak. Ulergarria al da gure gizarte laikoarentzat sostengu sozial horren oinarrietan egon litekeen kutsu erlijiosoa? Zalantzarik ez dut ulergarria izateaz gain, gure parametro laikoetan ere aztertzeko ahalmena dugula. Erlijioarekiko, kasu honetan islamarekiko, dagoen loturak eta atxikimenduak herriek bizi dituzten baldintza ekonomiko eta sozialekin zerikusi zuzena dute. Islamak, azken konponbidetzat onartu daitekeen komunitateetan, helburu erlijiosoak lortu nahi dituen talde armatu indartsu batekiko inplikazioa ekiditea oso zaila da eta are eta zailagoa, komunitate horretako biztanleek hori ekiditea, talde armatu horrek nazioarteko eragile politiko eta militar estatusa lortu baldin badu. Era berean, Islamaren azterketa zuzena egiteak ere lagunduko luke. Fundamentalismoa ez da soilik islamaren ezaugarria, beste erlijio guztiek dituzte beren baitan fundamentalismoaren ezaugarri berdin-berdinak: Budismoak, Judaismoak eta Kristautasunak. Aldiz, kopuruz eta aktibismoz, fundamentalista gehienak Islamean topatzen badira, ez da Koranak bortxaz egiten duen interpretazioaren errua; interpretazio erradikal horrek dituen entzule kopurua baizik.
Azterketa politikoa da egin beharreko bigarren analisia. Egoera ekonomiko eta sozialek erlijioarekiko hurbiltasuna bizkortu dezaketen bezalaxe, ezegonkortasun politikoak ere fundamentalismoaren hedapena bideratzen du. Aztertu dezagun, besteak beste, Al Qaedaren ezarpen handia bizi duten herrialdeen egoera politikoa. Iraken, herriaren berreraiketa bere kargu hartu ezin duen aginte irakiarrik gabe, besteak beste, politikoki eragile desberdinen arteko adostasuna ezinezkoa izan delako. Bitartean, iparramerikarrek boterean jarritako gobernu baten kudeaketa, bere herriaren sostengurik gabe eta bere autoritatearen ukazioa egunez egun ikusgarria delarik. Antzeko ezaugarri bat ematen da Afganistanen ere: atzerritarrak jarritako gobernu baten kudeaketa. Baldintza horietan, afganiarrek zein irakiarrek gober- nuaren ezegonkortasunerako baliogarriak diren ekinbide guztiak praktikatzea logikotzat jo dezakete. Zentzu honetan, oso interesgarria izango da Magreben azken egunetan izan diren atentatuen ondorioak aztertzea. Bertako gobernuenganako lotura sozialak arestian aipatu dudanarekin zerikusirik ez du, eta horrek, halabeharrez, Al Qaeda beste hainbat talde armatuk pairatu duten egoera batera bultzatuko du: defendatzen omen duten gizartearen zati baten sostengu faltara. Ezinbestekoa da ondorioz, lehenbailehen, bertako benetako gobernuak ezartzea bi herrialde horietan, herriaren sostengua Al Qaedatik zilegizko gobernuetara bideratu dadin.
Azken gauza bat amaitze aldera. Munduan asko dira islamistak diren estatuak. Estatu horietako herritarrak Al Qaedaren militanteak badira ere, bestelako azterketa elementua da herri horietan Al Qaedaren benetako sostengu soziala neurtzea. Estatu horiei erreparatuz gero, ondorio sinple batera ailegatzen naiz: baldintza ekomomikoak eta politikoak hobetzea da Islamaren ikuskera fundamentalista oinarritzat duten taldeak ahultzeko modu eraginkor bakarra.