GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Eskubidez hornitutako Nafarroa berria» eskatuko du Batasunak Arnegin

Azken urteotako joera jarraiki, Nafarroaren Egunaren bezperan manifestazioa antolatu du Batasunak. Aurten Arnegin izango da eta, besteren artean, «gatazka politikoari irtenbidea emateko Nafarroaren errealitatea kontuan hartzea ezinbestekoa" dela aldarrikatuko dute.

Maria AIZPURUA|

Aurten ere, Nafarroaren Egunaren karietara, manifestazioa egingo du Batasunak, apirilaren 28an, 16.00ean, «Eraiki dezagun Nafarroa Berria. Sanz eta Lasserre kanpora!» leloarekin.

Euskal Herriaren «bihotza eta zentroa» eta «Euskal Herria Nafarroa dela» argi utzita, Nafarroa Beherearen eta Garaiaren egoera «lurralde zatiketaren ispilu nagusitzat» jo zituen Jean-Claude Agerre mahaikideak. Gainera, azken hilabeteetan irekitako prozesu demokratikoa aitzina eramateko, Nafarroa erronka berezi bilakatu dela gogorarazi zuen Agerrek.

Haatik, «Nafarroaren ohiko erasotzaileek -Miguel Sanz eta Jean-Jacques Lasserre- Nafarroaren errealitatea ukatzen jarraitzen dute Batasunaren ordezkariaren esanetan: «Lehenak, Nafarroa Espainiaren barnean kokatzen du eta besteak, berriz, Frantzian. Zazpiak bat-en eta errealitate historikoaren kontrako ikuspegia hedatzen dute. Jarrera horrek azaleratzen du zatiketaren eta mugen bermatzaile direla, Nafarroaren desitxuraketa indarrean atxikitzen dutela eta bakearen kontra daudela».

Pertsona «arriskutsuak»

Indar abertzalearentzat, bi agintariak «arriskutsuak» dira Nafarroaren biziraupenarentzat, baita, langileentzat, ingurumenarentzat eta euskararentzat ere, beraien egitasmo ekonomikoak «kaltegarriak» direlakotz.

Batasunak «eskubideez hornitutako Nafarroa berri bat, berrosatua» amesten duela esan zuen Agerrek, «horrek gatazkari irtenbidea emango baitio». Helburu horrekin, egungo errealitatetik abiatuta, marko politiko berri baterako aurkeztu berri dituzten proposamenak nabarmendu zituen.

Mahaikideak ez zuen ahantzi epe laburreko erronkak aipatzea: «Datozen hauteskundeetan ezker abertzalea Nafarroan present izateak berebiziko garrantzia du prozesua bultzatzeari begira eta Sanz, behingoz, kanporatzeko ere bai». Xede berberarekin baina Lasserre Bidaxuneko eskualdetik «kanporatzeari» begira, 2008an egingo diren kantonamenduko bozak ere aipatu zituen.

Hori guztia aldarrikatzeko asmoarekin manifestazioan parte hartzea dei egin du Batasunak.

ARNEGI

Apirilaren 28ko deialdia, Arnegin, «bi Nafarroen zatiketa irudikatzen duen mugan», izatearen hautua «Nafarroaren errealitate karikaturala islatzen duelako» egin duela adierazi du Batasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo