GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Sorhuet eta Ozafrain faborito aterako dira Angelun

Hendaiakoa eta Bankakoa Etxeberri-Istillarteren aurka neurtuko dira, eta irabazten badute finalean izango dira, bestela hirugarren partida izango da

Jon LEUNDA | BAIONA

Litekena da asteburu honetan bertan finala erabakita geratzea. Izan ere, finalerdietako bigarren partidak jokatuko dira, baina lehen jardunaldiko emaitzak ez errepikatzea ezuste handia izango litzateke.

Gaur bertan, 19.00etan Angeluko trinketean neurtuko dira Sorhuet-Ozafrain eta Etxeberri-Istillarte. Finalean izateko, gutxienez bi partida irabazi behar izango dira, eta Sorhuetek eta Ozafrainek lortu zuten garaipena. 40-18 hartu zituen mendean Etxeberri eta Istillarte. Hala ere, argi eta garbi utzi behar da emaitza horrek ez duela bigarren partidarako ezer balio. Gaur gauean, joan den igandeko galtzaileek kintze bakar batez ere irabaziko balute ere, hirugaren partida jokatu egin beharko litzateke.

Oso ikusmin gutxi piztu du norgehoiagoka horrek, eta ez da harritzekoa, lehen jardunaldian alde handia kendu baitzien Sorhuetek eta Ozafrainek beren aurkariei, eta gaurko partida irabazteko ere faborito nagusiak dira.

Hendaiakoa eta Bankakoa bihurtu dira txapela janzteko faborito nagusi, eta orain arteko moduan, joan den igandean ere erakustaldi handia eman zuten. Beraien asmoa kanporaketa gaur bertan erabakitzea izango da, baina galtzen badute, beste aukera bat ere izango dute, eta lasitasun horrekin jokatuko dute. Etxeberrik, eta Istillartek, berriz, derigorrez irabazi behar dute hirugarren aukera bat izateko. Galtzen badute, berriz, akabo, hortxe amaituko baita beren Txapelketa.

Hala ere, Etxeberrik eta Istillartek egindako lanak ez du inongo aitzakiarik. Beste inork baino kanporaketa gehiago jokatu dituzte. Lehen kanporaketan hasi ziren lehiatzen, eta hortxe jarraitu dute finalerdiak jokatu arte. Hasieran inork ez zituen kontuan hartu, baina lan bikaina egin dute. Dauden lekuraino helduta, pena izango lukete finaletik at geratzea, baina egindako lanarekin gustura egon daitezke.

Waltari-Etxeto

Waltari-Etxeto eta Idiart-Jean Claude Dermit neurtuko dira Gerendainen (Zuberoan) bihar. Lehen jardunaldian Waltari eta Etxeto nagusitu ziren, eta berriro ere haiek aterako dira irabazteko faborito.

Joan den ostiralean, Kurutxari aritu zen Dermiten ordez, horrek min hartu baitzuen, baina berak biharko partidarako prest egongo zela esaten zuen, eta badirudi horrela izango dela.

Orain, ikusi egin beharko da Dermit zein egoeratan kantxaratzen den. Astean osatu arren, bere unerik onenean egotea ez baita erraza izango. Ongi badago, lanak emateko prest agertuko dira. Pasa den ostiralean Pauen galdu egin zuen Idiartek, baina gorriak ikusiarazi zizkien aurkariei, eta asmoa bigarren partida hori irabaztea da.

Idiartek garbi utzi du, partidaren hastapena oso garrantzitsua dela, izan ere, tarte horretan abantaila lortuko balute, norgehiagoka irabazteko aukera handia izango bailukete.

Waltari eta Etxeto gehiago dira, baina biak buruz nahiko ahulak dira, eta partidan atzetik jartzen badira, oso azkar etsitzen duten horietakoak dira, eta horixe egin nahi dute. Beraz, oso indartsu abiatuko dira Idiart eta Dermit, partidan agintzen hasi nahi dute, gero aukera gehiago izateko.

Hala ere, Waltari eta Etxeto, lasai egon beharko luekete, lehen puntua beraiena baita, eta galduta ere, beste aukera bat izango lukete, aurkariek izango ez dutena.

Bi finalerdietan lehen jardunaldiko galtzaileak irabazle aterako balira, hirugarren partidak jokatu beharko lirateke, eta ordurako ere egunak eta lekuak erabakita daude. Bat izatekotan, hilaren 21ean Baionan, Moderne trinketean izango da. Biak jokatuko beharko balira, bigarrena 22an Senperen izango da.

Waltari eta Etxeto

Waltari eta Etxeto bihar neurtuko dira Idiart-Dermiten aurka, eta horiek ere garaipena lortzen badute, finala jokatzeko moduan izango dira. Galtzen badute, berriz, datorren asteburuan beste neurketa izango da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo