Interes-tasak berdin... oraingoz
Europako Banku Zentraleko (EBZ) gobernu batzordeak interes-tasak bere horretan uztea erabaki zuen atzo. Hala aurreikusita omen zuten merkatuek eta, beraz, ez da sorpresarik izan. Hala ere, tasak ez igotzeko erabakiak beste iragarpen bat dakar berekin: joan den hilean igoera izan zen modu berean, adituek ekainerako ia segurutzat jotzen dute diruaren prezioak gora egingo duela. Neurri hori inflazioaren joera arriskutsuari aurre egiteko hartu behar omen dute, prezioen egonkortasuna ziurtatze aldera.
Atzo ere, eta EBZren gobernu batzordearen hileroko bilkura baino lehen, Europako Sindikatuen Elkarteak (EGB) eskatu zion EBZri soldaten gaineko negoziaketetatik kanpo egoteko. EBZko gobernu kontseiluko zenbait kidek ohartarazi dute euroaren eremuko inflazioa ehuneko bira irits litekeela epe ertainean, baina EBZk prezioen egonkortasuna kaltetu dezaketen arriskuak ere aipatzen ditu: petrolioaren prezioen igoera eta «espero daitezkeen baino soldata igoera handiagoak». Ez da, beraz, hutsala sindikatuen kezka. EBZren politika, berriz, esanguratsua. Biziki arduratzen dute entitate hori enpresen interesek; antza denez, langileenek baino askoz gehiago. Krisi garaian bezala ekonomia egoera onean ere, langileek soldata negoziaketetan neurritsuak behar dute izan. Europa neoliberala.