Ezker abertzalearen ustez, Nafarroa ezin da 36ko biktimen ahazturan oinarritu
«Altxamendu faxistaren ondorioz hil ziren pertsonei egin ahal zaien omenaldirik hoberena eskuinari aurre egitea da". Horrelaxe adierazi dute Gloria Rekarte eta Patxi Urrutia ezker abertzaleko ordezkariek, horretarako bidea euskal lurraldearen batasuna dela esatearekin batera.
GARA |
Ezker abetzaleko ordezkari Patxi Urrutiak eta Gloria Rekartek 1936ko altxamendu faxistaren biktimei omen egiteko modurik hoberena «faxisten nagusitasunari aurre egitea» dela na- barmendu zuten, biharko Errepublika Egunaren harira oroitzapen historikoaren gainean duten posizioa agertzeko emandako prentsaurrekoan.
Gogora ekarri zuten orain 76 urte monarkia erori eta itxaropena zabaldu zela jende xume nahiz sektore aurrerakoi eta demokratikoen artean. «Zorigaitzez, jornalariek ez zuten lur komunal lapurtuak berreskuratzea erdietsi eta ezinezkoa izan zen botere politiko zein ekonomikoaren euskarriak eskuinaren atzaparretatik kentzea. Nafarroa beste euskal lurraldeetatik bereizi zuten, behin baino gehiagotan udalen bitartez agertutako jendearen borondatearen gainetik pasaz», azaldu zuten. Halaber, Nafarroako Frente Popularrak ere lau herrialdeen batura defendatu zuela adierazi zuen, «isolamenduak eskuinari soilik on egiten ziola uste zuelako».
Urrutiak eta Rekartek, Franco hilik, eskuinak komeni zitzaion transizioa inpostatu zuela salatu eta Nafarroa beste euskal lurraldeekin joatea galarazi eta botere politikoaren kontrola gorde zutela gogorarazi zuten.
Diktaduraren bukaera ofizialetik 32 urte pasa direlarik, euren esanetan, errepresioak jarraitu egiten du egun ere. «Erakunde batzuk ilegalak dira, atxilotuak torturatzen dituzte eta kartzela erabiltzen da ideia politikoen aurka». Hori horrela, euren ustez, XXI. mendeko Nafarroa ezin da 1936ko «krimenen» ahazturan oinarritu eta hori dela-eta gogoan hartu nahi izan zituzten «orduan erail zituzten pertsonak, justizia, nekazaritza erreforma eta demokraziagatik hil zirenak eta, halaber, faxismoaren biktima guztiak». Zentzu berean, horiek guztiak ukatzen dituen eskuinak egungo gizarteari erabakitzeko ardura ukatzen diola adierazi zuten. «Galdetu gabe inposatu ziguten Foru Hobekuntza, finean, Nafarroa foral eta espainolaren gaurko bertsioa da, 1936ko uztaileko altxamendu faxistatik datorrena».
Horregatik altxalmenduaren ondorioz hil ziren biktima guztiei egin ahal zaien omenaldirik hoberena faxisten «nagusitasunari» aurre egitea dela nabarmendu zuten beste behin ere ezker abertzaleko ordezkariek, eta horretarako modurik egokiena euskal lurraldeen batasuna dela adierazi zuten, «hori baita zapalkuntza zein errepresiorik gabeko benetako demokraziarako bidea».
Bihar, Errepublika Egunean, 36ko gudan hildakoen omenez Iruñean, Sartagundan, Kasedan eta Faltzesen egingo diren omenaldietan parte hartzeko deia egin zuten.