GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUk liburutegi digitala sortu du unibertsitateko materialarekin

GARA |

Udako Euskal Unibertsitateak liburutegi digitala aurkeztu zuen atzo Bilbon, irekia eta doakoa. www.buruxkak.org helbidean unibertsitateko materiala paratu dute erabiltzaileen esku, bereziki euskaldunen esku, ikertu, ikasi eta kontsultatzeko.

34 urteko ibilbidean UEUk unibertsitateko 360 liburu argitaratu dituela ekarri zuen gogora Lore Erriondo zuzendariak, eta EHUrekin batera esparru horretan ekarpen handiena egiten ari den erakundea dela baieztatu zuen. Bere erranetan, oraindik euskarazko lan gutxi dago, ordea, eta ikasleek apunteak erabiltzen ohituta daude, ez eskuliburuak. «Hezkuntzaren alorrean dihardugunok badakigu zein garrantzitsua den ikasteko materiala. Ikusi besterik ez dago Lehen eta Bigarren Hezkuntzan erabiltzen diren testu-liburuak zein landuta dauden. Ez soilik itxura eta maketazio aldetik, aurretik ongi diseinatutako hezkuntza planaren kate begiak direlako baizik», adierazi zuen Erriondok.

UEUko zuzendariaren aburuz, unibertsitateko euskarazko testugintzan ez da halakorik gertatzen, eta corpus hori osatzen ez baldin bada, nekez garatuko da jakintza bere osotasunean. Horixe da, hain zuzen, erakundearen erronka, eta horregatik aurkeztu zuen atzo «Buruxkak» egitasmoa, «ur tantak itsaso bilakatu» nahi dituelako.

Prentsaurrekoan zen Xabier Isasi argitalpen arduraduna ere bai, eta hark ere behar bezainbertzeko euskarazko argitalpenik ez dagoela erran zuen. 38 urteotan 2.000 lanek ikusi dute argia, horietako erdiak azken hamar urteotan; baina, Isasiren arabera, unibertsitatean dabiltzan euskaldunek ez dituzte ezagutzen. Material hori gizarteratzen lagundu nahi dute «Buruxkak» liburutegi erabilgarri eta eskuragarriaren bidez.

Etengabe elikatuko dute

Gaur egun, amarauneko liburutegiak gero eta arruntagoak dira, baita gure artean ere. Euskal Herriko liburutegiak eta dokumentazio zentroak buru-belarri ari dira lanak digitalizatzen. Isasik azaldu zuenez, «Buruxkak» proiektuaren bitartez ikasteko eta ikertzeko materialak paratu dituzte erabiltzailearen esku, azken hiru hamarkada hauetan ontzen joan den corpus koherente eta bateratua, eta jakintza alor bakoitzaren terminologia finkatzeko, zabaltzeko eta hiztegia aberasteko baliagarria izan dadin nahi dute.

Bost urte baino gehiago dituzten 69 liburu, merkatuan salgai dauden bertze 55, «Uztaro» Giza eta Gizarte Zientzietako aldizkariaren 60 ale, «Kondaira.com» historia aldizkari elektronikoaren 20 artikulu eta 9 doktoretza tesi bildu dituzte PDF formatuan erabiltzaileek irakurri eta jaisteko, eta etengabe elikatuko dute webgunea testu berriekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo