GARA > Idatzia > Euskal Herria

Xabier Erreari elkartasuna adierazteko deia egin dute Iruñerriko gazteek

GARA |

Bi hilabete eta hiru egun eginen ditu gaur Xabier Erreak Nafarroako hiriburuko kartzelan. Bi hilabete baino gehiago daramatzate Iruñerriko gazte asanbladek UPNren eta CDNren agindura dauden udaltzainek prestatutako «muntaia» salatzen. «Ezintasuna eta gorrotoa» sentitzen dute «egunez egun poliziak iraintzen, jipoitzen eta atxilotzen» dituenean. Baina sentimendu negatibo hori elkartasun bihurtu nahi dute larunbateko manifestazioan.

Gaztelu plazan paratu dute hitzordua 19.00etan, hortik espetxeko atariraino joateko zartaginak, txistuak eta zarata egiteko bertzelako tresnak astintzera. Xabi Erreak elkartasun deiadarra aditu dezan nahi baitute.

«Epaia, aitzinetik idatzia»

Egun horretan bertan, Arga ibaiaren ertzean, Atarrabia eta Burlata artean eginen duten errepresioaren aurkako sagardotegian parte hartzera ere animatu ditu herritarrak Iruñerriko Gazte Asanbladen Koordinadorak.

Ezin dute ahantzi Errearen kasuan Fermin Otamendi Zozaia epaileak jokatu zuen papera. IGAkoek salatu dutenez, ustez jipoitu egin zuten poliziakideren bertsioari sinesgarritasuna eman dio, kontakizuneko kontraesan guztiei entzungor eginda. «Aldiz, beste poliziakide baten adierazpena ez du kontuan izan, bertsio horrek Erreak ezezagun batek ustez jipoitutako udaltzainari txapela kentzea besterik ez zuela egin aitortzen duelako. Epai gogor hori aitzinetik idatzita zegoen. Xabi espetxean nahi zuten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo