GARA > Idatzia > Txirrindularitza

EUSKAL HERRIKO ITZULIA Fuerteventura-Canarias

Iker Leonetek bigarren aukera «aprobetxatu» nahi du Guerreroren babesean

Gipuzkoarrak esan du «etorkizuneko proiektua saldu" ziotela Illes Balears taldean eta «lasaiegi" hartu zuela. Gaur etxera helduko da, Oiartzunera.

Unai IRARAGORRI | GASTEIZ

Iker Leonetek helburua bete nahi du gaur, etxean egin nahi du lo, Oiartzunen, hain zuzen. Asko sufritzen du Fuerteventura-Canarias taldeko gazteak Euskal Herriko Itzulian. Izan ere, orain dela gutxi hasi zen denboraldia, negu zaila igaro ondoren.

Hirugarren urtea du profesionaletan 23 urteko gipuzkoarrak, eta txirrrindularitzaren bi aldeak ezagutu ditu. «Ez da dena arrosa kolorekoa», esan du. Jauzia eman zuen Illes Barlears taldera eta dena zuen alde. Baina, ustekabean, ez zioten kontratuan berritu eta kale gorrian geratu zen. Zorionez, Oscar Guerrerok -amateurretan zuzendu zuen Caja Ruralen- lekua eman dio eta «aukera handi hori» aprobetxatzeko prest da Leonet.

«Negu txarra igaro dut», baieztatu digu. «Urratsa eman nuen talde handi batera eta agian handiegia, UCI Pro Tourreko maila gehiegi izan zen», aitortu du. Edonola ere, ez segitzeak harritu zuen. «Talde handi horretan etorkizuneko proiektu bezala saldu zidaten, eta nik horrela hartu nuen, lasaiegi. Iaz erabakiak hartu zituzten eta taldetik kanpo geratu nintzen».

Burua bizikletatik at ikusi zuen. «Txirrindulari onak, etxetik ingurukoak, talderik gabe dira. Ni gaztea naiz; ez dut ezer frogatu eta azken finean, mesede bat egin zidaten. Oscarrek horrelako aukera eman dit eta aprobetxatzeko beharra dut».

Hortaz, denboraldiko hasiera ez da erraza izan. «Orain dela hamabost egun arte lizentzia ez nuen. Dena batera heldu zen, taldea, korritzen hastea eta etxean, gainera». Izan ere, Gaztela eta Leonen egin zuen estrenaldia. Horregatik, gorriak ikusi ditu Euskal Herriko Itzulian, eta etapaz etapa du helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo