GARA > Idatzia > Kultura

Michele de Lucchik motozerraz «leunki» landu egurrezko etxetxoak ekarri ditu Windsor-era

I.AULESTIARTE | BILBO

Datorren maiatzaren 19a arte, Bilboko Windsor galerian Michele de Lucchi italiarraren «Wooden houses» erakusketa ikus daiteke. Finean, motozerraz baliatuta, egurrarekin egindako etxetxoek osatzen dute erakusketa -hamabi dira orotara, 30-40 zentimetro ingurukoak, eta hamar argazki ere erantsi ditu-. Haizeak lurrera botatako arbolen enborretatik lortu materiala du, beraz, oinarri, baina beti ere «leuntasuna galdu gabe», italiarrak atzo GARAri azaldu zionez.

«Egia da; motozerraz leuntasun hori bilatu eta lan egitea arraroa dela pentsa daiteke -aitortu zuen-. Baina motozerraz lan egitean, segituan zure marka utz diezaiokezu obrari, eskuekin lan egingo banu bezala. Oso berehalakoa da lana, eta nire identitatea ageri da etxetxoetan». Bere esanetan, lan-tresna horrek «korte industrial batek emango ez lukeen ebakidura eta amaiera eman diezaioke. Motozerraren eta egurraren arteko interakzioak ematen dion a-maiera oso gustokoa eta ezberdina da, modu industrial batean gertatuko ez litzatekeena».

Ferraran 1951ean sortua, arkitektura ikasketak Florentzian amaitu zituen. Baina, arkitektua ez ezik, diseinadore industriala, margolaria, idazlea, eta «noizean behin eskultorea» ere bada, berak atzo aitortu zuenez.

Anitza bezain oparoa duen i-bilbide profesionala aintzat hartuta, erakusketaren atzean dagoen prozesua egun arkitektura egiteko moduarekiko ezberdina dela ere esan zuen: «Egungo arkitektura oso espezializatua da, arlo bati dagokiona. Baina italiarrok arkitektura egitean diziplina asko nahasten ditugu, inguruko jendea, paisaia eta giroa ere begiratzen ditugu. Etxetxoek hori ere islatzen dute».

Euskal Herrian antolatzen duen estreinako erakusketa du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo