GARA > Idatzia > Gutunak

Iñaki Ziarzolo eta Gaizka amondarain Hala Bedi Irratiaren izenean

Zuen eskaparateetatik at

Beste behin, nekatzen ez denaren astuntasunaz, Gasteizko Udala Gaztetxearen kontrako erasoaldi berri baten mehatxuarekin datorkigu. Badirudi, gainera, oraingoan, Gaztetxea alde zaharretik desagerrarazteko erabakia behin betikoa dela. Horretarako, beraien makinaria guztia martxan jarri dute eta urte luzetan zehar gasteiztar askoren ametsen biltoki izan den eraikina hondamen egoeran dagoela ondorioztatu dute, arkitektoa Gaztetxera sartu ere egin ez bada ere!

Azken mehatxu honen aurrean, Hala Bedi irratia osatzen dugunok gure babes osoa adierazi nahi genioke Gasteizko Gaztetxeari eta argi utzi, bide batez, hiri honen kolore aniztasunean sinesten dugunok ez diegula Alde Zaharrarekin nahi dutena egiten utziko. Urte hauetan guztietan argi geratu da Udalak Alde Zaharrerako dituen planetarako Gaztetxea dela oztopo nagusienetarikoa. Alde Zaharraren birgaitze plane- an -PERIan- turistentzako denda, eskailera mekaniko eta museoek auzokideen benetako beharrek baino garrantzia handi- agoa dutela esatean, ez dugu misteriorik argitzen baina denborarekin gero eta argiagoak dira haien nahiak. Gero eta argiago dago zein den beraiek beraientzat eraiki nahi duten hiria. Eta guk, ozen esan nahi dugu ez dugula beraien eskaparate erraldoi hori onartzen eta ez dugula Gaztetxerik gabeko alde zaharrik nahi.

Beti demokrazia eta askatasun hitzak ahotan hartzen dituztenek ezin dute Gaztetxea jasan. Gazteen pentsaera kritiko eta askatzailea arrisku gisa hartzen dute.

Badakigu nahiago luketela beraien kolore bakarreko hiria, pentsaera bakarreko hiria... Benetako gizarte koloretsu, anitz eta parte-hartzailea nahi dugunok, ordea, argi dugu Gaztetxeak lanean jarraitu behar duela, Gasteiz kolorez, umorez eta kritikaz bustiz. Hala Bedi irratiak Gaztetxearekin bat egiten du, gure mikrofonoak zuen zerbitzura egongo dira beti. Ez dute ametsik desagerraraziko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo