GARA > Idatzia > Mundua

Sakorzyri aurre egiteko Royalek eta Bayrouk bat egin dezaten eskatu du Rocardek

Nicolas Sarkozy eta Jean-Marie Le Peni aurre egiteko eta Estatu frantsesean «gehiengo desberdina" ahalbidetu ahal izateko Segoene Royal eta François Bayrouren arteko «aliantza" baten alde egin du Michel Rocard lehen ministro ohiak. Royalek ezezkoa eman dio.

GARA |

Nicolas Sarkozyri eta Jean-Marie Le Peni aurre egiteko, eta horien arteko «koalizioa» garaitu ahal izateko, Segolene Royalek eta François Bayrouk bat egin dezaten eskatu du Michel Rocardek, Estatu frantseseko lehen ministro ohiak. Bi hautagaiek «hitzarmen» bat sinatzea proposatu zuen «Le Monde» egunkarian argitaraturiko iritzi artikuluan.

«Aste gutxi barru (maiatzaren 6an), Nicolas Sarkozy Frantziako presidente hautatzen badute, ez dugu inolako aitzakiarik izango. UMPk ekaineko hauteskundeak irabaziko ditu eta Frantziak bost urtez sufrituko du», plazaratu zuen Rocardek. Hori gerta ez dadin, lehendakaritzarako hauteskundeen lehen txanda izan baino lehen, hilaren 22aren aurretik alegia, «aliantza» batera heltzeko deia egin zien Royali eta Bayrouri. Hori bai, proposamenean ez du zehaztu balizko akordio horrek, «benetakoa eta konstrukiboa», nolakoa izan behar duen. Bere iritziz, Royal eta Bayrou etxebizitza, hezkuntza, lana eta Europa funtsezko gaietan hitzarmenak sinatzeko gai dira.

«Sozialista eta europazalea». Hala definitu zuen bere burua Rocardek. «Dagoeneko, funtsean ez ditu ezerk banatzen sozialistak eta zentrukoak», azaldu zuen. Rocarden aburuz, bere kabuz joanda, ez batak ez besteak ez du «inolako aukerarik Sarkozy eta Le Penen arteko aliantza garaitzeko». «Batuta bagaude, Berdeak, sozialdemokratak eta zentrukoak gehiengoa osatzen dugu», nabarmendu zuen.

Rocarden proposamena, dena den, ez zen Royalen gustukoa izan eta ez duela onartzen adierazi zuen. «Benetako arazoez arduratzen naiz», esan zuen.

Haren aholkulari Jack Langek ideia «erabateko zentzugabekeria» dela helarazi zion. Bere hitzetan, «ezin da adostezina dena adostu». Ildo berean mintzatu zen PSko lehen idazkari Fraçois Hollande. Rocarden egitasmoa «ultertezina» dela aditzera eman zuen.

Bayrou, ordea, ez zen hain kritikoa izan eta proposamena begi onez ikusi zuen. «Zerbait mugitzen ari» denaren seinale dela aipatu zuen. «Gehiengo desberdin bat ahalbidetu ahal izateko muga ideologikoak gainditzeko gai izan behar dugu, hori da erronka», adierazi zuen.

konplexurik gabe

Sarkozyk konplexurik gabe aitortu du «Liberation» egunkarian Le Penen partiduaren hautesleak bereganatu nahi dituela. Hori zergatik ote den «txarra» galdetu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo