GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia González Idazlea sagarroiak@gmail.com

Guardasolak

Hauteskunde ondo demokratikoak aurreikusten dira, eta beste legealdi baten atarian pozarren ospatzen dute hainbatek. Udalak eta aldundiak negozio itzela dira. Eta ez pentsa alderdietatik bizi direnentzat bakarrik

Soldadu gehiago bidali edo soldaduak euren gurasoen etxeetara ekarri. Horrelaxe egiten da kanpaina eta oposizioa Estatu Batuetan, gerra, beldur eta arma artean, zenbat kontinente dauden ez, baina bandera ondo margozten dakiten hautesleentzat. Bien bitartean, Europako txoko txiki honetan ere «estilo yanki»a mime- tikoki erreproduzitzen ikasi dute: M-11 alde batetik, ezker abertzalea bestetik, edo biak nahastuta, nahi baduzue. Eraiki etsaia eta listo, beste ezertaz ez da zertan arduratu.

Diskurtsoa ere ez da arazo handia: Josu Jonek «ETAren guardasola» atera zuen hizpidera Aberri Egunean; hurrengo egunean bertan PSOEko Blancok berbaz berba kopiatu eta pare bat egun beranduago Ardanzak errepikatu Espainiako irrati batean...

Etsaia argi edukita, diskurtsoa landuta, azken ikutua besterik ez dugu falta: udal eta foru hauteskundeak izanda, zenbait obra han hemenka amaitu, bizpahiru inaugurazio eta lau proiektu erraldoi lagunenekin adostuta. Koktela ondo prest. Eta marianitoari oliba falta bazaio, hortxe daukagu Josu Jon «busti» egiten dela eta Ibarretxek, ETBko anuntzioan agertzen den agureak laguna hilobitik ateratzen duen antzera, lurperatutako bere izeneko plana atera duela berriro ere.

Hauteskunde ondo demokratikoak aurreikusten dira, eta beste legealdi demokratiko baten atarian pozarren ospatzen dute hainbatek. Udalak eta aldundiak negozio itzela dira. Eta ez pentsa alderdietatik bizi direnentzat bakarrik, ez, horien inguruan biltzen diren «konpi» guztientzat ere bai.

Adibide txiki bat: laster batean errenta aitorpena egitea tokatuko zaigu guztioi. Bueno, batzuoi besteei baino gehiago, edo bestela ikusi Nafarroan 2003an gertatu zena: Nafarroako langileek 20.000 euro inguruko errenta deklaratu zuten batez beste eta enpresariek deklaratu zutena, ordea, ez zen heldu 10.000 eurora. Gogorra da benetan enpresaria izatea. Horrelako soldatekin ez dakit zelan heltzen diren hilabete amaierara... Eta hala ere, enpresen gaineko sozietateen zerga gero eta gehiago murrizten dute aldundiek. Adreilu eta porlanaren negozioaz berba ez egitearren, jakina!

Bueno, normala da, lagunak zaindu behar dira. Eta akaso badute nork egin kontra? Eta ez esan Aralar, EA edo EB, zeren barrez lehertuko bainaiz azkenean. Baina muturra eduki badaukate esateko ezker abertzalearen ilegalizazioak eurei mesederik egiten ez diela.

Euskal Herria txoko txiki bat da geografiari dagokionez, baina metafora moduan bazkide gutxiko txoko itzela denik inork ezin du ukatu. Baina hain da gauza zikina konturatzea diru higuingarriaz dena lohitzen dutela, ama ere saltzeko kapazak direla, herria popatik hartzera bidaltzeko prest daudela...

Denok bagenekien unibertsitatera joateak ez zigula balioko lan on bat topatzeko, eta are gutxiago dirua egiteko; hala ere, ez genekien FP iturgintzak hain emaitza onak zituenik. Beharbada Josu Jonen «bustidurak» honekin dauka zerikusia...

Titietara arte nago honelako jendilajeaz berba egin eta idazteaz, baina kontrakoa ezinezkoa da. Beste gai batzuei heltzeko paradarik ez dute utzi gura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo