GARA > Idatzia > Editoriala

Berezovsky Londresko hautsak harrotzen

Boris Berezovsky errusiar enpresaburuaren aitorpenak Errusiaren eta Britainia Handiaren arteko harremanek okerrrera egiteko arriskua dakar berekin. «The Guardian» egunkariak atzo argitaratutako elkarrizketa batean, enpresariak esan zuen Errusiako presidente Vladimir Putinen inguruko lagunek haren kontrako estatu kolpea prestatzen ari direla eta berak laguntza ekonomikoa ematen diela. Ez da lehen aldia Berezovskik Londresko Gobernua estualdian jarri duena; iaz Putin indarrez botatzeko asmoa zuela esan baitzuen. Orduan Jack Strawek, Kanpo arazoetako ministro ingelesak, estatu subirano baten gobernua kentzeko indarkeria erabiltzea onartezina zela esan zuen. Horiek izan ziren haren hitzak. Eginek, ordea, besterik esaten dute: orduan bezala, gaur egun ere Berezovskyk errefuxiatu estatusa du Britainia Handian.

Ezin liteke esan Putinen erregimena demokraziaren eredu denik; nolanahi ere, bere burua halakotzat jotzen duen Europak, nola bere baitako herrialdeentzat hala kanpokoentzat etenbabe demokrazia aldarrikatzen duenak, ondo asko bereizten ditu praktikan bere interesekin bat datozen demokraziak eta haiekin talka egiten dutenak. Logika horretan baino ez da ulertzen Berezovski eta gisako pertsonaiei ematen dien babesa. Logika makur horretan baino ez da ulertzen hautestontzietan hautatutako gobernu bati, Palestinakoari, esate baterako, boikot egitea, jarrera horren ondorio lazgarriak hango herritarrek jasan behar badituzte ere. Eta, bestetik, demokraziaren defentsa sutsu horrek kontrako jarrera hartzeko ere balio dio, gogoko dituen erregimen ez-demokratikoen kontrako jarduerak «terrorismoaren» zakuan sartu, oztopatu eta zigortu egiten baititu. Batzuekiko eta besteekiko jarreren artean, ordea, bada ñabardura bat, zenbakitan adieraz daitekeena: Berezovky, esate baterako, 1.266 milioi euroren jabe da.

Interesen araberako demokrazia. Berezovskyren hitzen atzean beharbada kea baino ez dago, baina hipokrisiaren estalkia altxatu duen haizetxoa bezala iritsi dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo