GARA > Idatzia > Euskal Herria

Datorren foru gobernuan pisu handia izango duela uste du Gipuzkoako EAk

Orain artean bezala, hauteskundeetara EAJrekin koalizioan joango ez badira ere, Gipuzkoako EAk Foru Aldundian emaitza onak eskuratuko dituela aurreikusi du. Azken legealdian lan handia egin dutela uste dute, besteak beste, hainbat kritika eragin dituen hondakinen aferan.

GARA |

Gipuzkoako EAko presindenteak, Iñaki Galdosek, maiatzeko hauteskundeen ostean osatuko den Foru Aldundiko gobernu berrian bere alderdiak pisu handia izango duela aurreikusi zuen. Galdosek agerraldia egin zuen Joaquin Villa, Luis Mari Oyarbide, Mari Carmen Marin eta Fernando Tapia foru diputatuekin, azken legealdi honetan egindako lanaren balantzea eskaintzeko.

EAko presidentearen esanetan, alderdiak «kargu zailak» bere gain hartzeko erronka hartu zuen orain lau urte. «Gustura gaude egindako lanarekin», nabarmendu zuen Galdosek. Datorren legealdian ere, EA indar garrantzitsua izango dela ere baieztatu zuen. Alde horretatik, EAri ordezkaritza baxua iragartzen dioten inkestak ez zaizkiola fidagarriak iruditzen adierazi zuen.

«EAJ gobernukide»

Datorren maiatzaren 27an egingo diren udal eta foru hauteskundeetan EA ez da EAJrekin koalizioan joango, baina horrek kanpaina aurrera eramateko moduan ez duela eragingo azaldu zuen. «Orain artean gobernukide» izan den alderdiarekin lehiatuko dira, eta etorkizunean osatuko den gobernuan ere kide izatea ez zuen baztertu Galdosek. Abertzaletasun «historiko eta demokratikoaren» alde egin eta hori «egitura instituzionalaren buru» izatea defendatu zuen. Alde horretatik, EAJrekin gobernua osatzea esperientzia «ona» izan dela esan zuen, «desadostasunak» izan direla onartu arren. Adibide gisa jarri zuen elkarteen gaineko zergaren afera eta, negoziazio ofizialik ez badago ere, kontaktuak badituztela adierazi zuen.

Gipuzkoan oraindik orain, garraio publikoaren eta zerga iruzurraren alorrean, erronka handiak daudela nabarmendu zuen eta lurralde horretan garrantzizko akordioak lortzen badira, bere alderdia bertan izango dela esan zuen, «erantzukizunak onartzen badaki».

Lau urte hauetan eraman dituzten departamentuen lorpenei dagokionean, EAko ordezkariek teknologia berrietan, turismoan, baztertutako taldeen eskubideen defentsan, estruktura eta kirol ekipamenduen modernizazioan eta hiri hondakinen gestio arloan lortutakoak nabarmendu zituzten. Azken atal horri dagokionean, akordio garrantzitsuak lortu dituztela adierazi zuten EAko ordezkariek, lau urte hauetan errausketaren aurkako plataformek Garapen Iraunkorreko departamentuaren eta foru diputatuaren, Luis Mari Oyarbideren, lana makina bat aldiz kritikatu badute ere.

hautagaiak

EAko presidenteak aurreratu zuenez, foru hauteskundeetarako zerrendetan egun Batzar Nagusietako taldea osatzen duten pertsonak agertuko dira lehen postuetan.

Lopez de gereñu

Ez da hautagaien artean izango orain artean Landa Ingurunearen Garapenerako diputatu izan den Leire Lopez de Gereñuren. Honek politika uzteko asmoa azaldu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo