PP ez da egongo Lakuak ETAren biktimei egingo dien omenaldian
Lakuako Gobernuak ETAren biktimei Euskalduna Jauregian egingo dien omenaldiak polemika sortzen jarraitzen du. Atzo, PPko buruzagi Carmelo Barriok bere alderdia ez dela bertan izango berretsi zuen.
GARA |
PPk ez du parte hartuko datorren apirilaren 22an Bilboko Euskalduna Jauregian Lakuako Gobernuak ETAren biktimei prestatu dien omenaldian. Hori da atzo alderdi horrek EAEn duen idazkari nagusiak, Carmelo Barriok, Bizkaiko hiriburuan egindako agerraldian baieztatu zuena. PPren ustez, ekitaldi horretara ez joateko arrazoi nagusia «biktima gehienen jarreran» datza. Izan ere, AVT edo COVITE bezalako elkarteek omenaldiaren kontrako jarrera azaldu dute.
Barrioren ustez, apirilaren 22ko omenaldia «ez da zinezkoa» eta «Ibarretxek bere protagonismoa bilatzeko» erabili nahi duela argudiatu zuen. PPko buruzagiaren adierazpen horiek PSEk ekitaldian parte hartzeko asmoa iragarri eta hogeitalau ordura gertatu ziren. Hala ere, Barrioren aburuz, «PSE libre da» Euskalduna Jauregira joateko.
Kritika horien aurrean, Ibarretxek bere ikuspegia azaldu zuen. Lehendakariak Bilboko ekitaldia «erabateko zinezkotasunez» egingo dutela iragarri eta izan diren kritika eta komentarioak «errespetatzen» dituela argitu zuen. Horrekin batera, Lakuak ETAren biktimei atentzioa emateko duen zuzendariaren, Maixabel Lasaren, lana goraipatu zuen.
Dena den, nahiz eta PP ez den bertan egongo, beste alderdi eta sindikatu batzuek Euskalduna Jauregian ETAren biktimei egingo zaien omenaldiarekin bat egin dute eta PPren jarrera arbuiatu dute.
Gauzak horrela, Oskar Martutek, Gasteizen EBko parlamentariak, «Alderdi Popularrak beste behin ere biktimak arma politiko eta elektoral bezala erabiltzea» salatu zuen. Horrekin batera, Matutek «PPren ariete diren biktimen elkarteak» ez bertara joatea ere nabarmendu zuen.
UGT sindikatuak EAEn duen buruak, Damaso Casadok, «inolako baldintzarik gabeko babesa» eskaini zion ekitaldiari. Izan ere, UGTrentzat «biktikmak gauza guztien gainetik daude eta urtetan zehar abandonaturik egon dira».
Atzo «El Mundo» egunkariak argitaratutakoaren arabera, senar-emazte eta Donostian eta Lasarten PPko zinegotzi diren Ramon Gomez eta Vanessa Velez ETAren «lehen helburuak lirateke, Iñaki De Juana gose-greban hil izan balitz». Horren aurrean, Gasteizko alkateak, Alfonso Alonsok, Gomezek eta Velezek euren kargua uzteko asmoa berri hori jakin baino askoz ere lehenago adierazi zutela jakinarazi zuen. Izan ere, Gomezek urtarrilaren 23an jakinarazi zuen ez zuela Donostiako Udalean zinegotzi bezala jarraituko. Hau da, duela hiru hilabete kasik. Beraz, Alonsok argitu zuenez, «karguak uzteko erabakia duela zenbait hilabete hartua zuten» eta postuetan jarraitzeari uko egin izana, «ez da azken gertaerekin zerikusia daukan erabakia».
Bestalde, Alonsoren esanetan, Gomezek eta Velezek «presio handia jasan dute eta ausartak izan dira» zinegotzi izan diren urte hauetan. Hala ere, Gasteizko alkateak bikoteak «bizitza osoa kargu publiko batean ez jarraitzeko» duen eskubidea defendatu zuen eta prentsan agertutako berriagatik «harrituta» daudela argitu zuen.