Behin betiko proiektua baztertzea eskatu dio Leiak Jean-Jacques Lasserreri
Nafarroa gaindiko bide egitasmoaren eramaileen isiltasuna salatu zuen atzo Leiak, eta egoera hori dela-eta apirilaren 20ko biltzar nagusian bideratuko dituen ekintzak erabakiko ditu. Egitasmoaren eramaileak proiektua bertan behera uzten dutela esatea nahi du elkarteak.
Ainize BUTRON |
Leiak antolaturiko manifestazioaren ondotik lau hilabete igaro direla-eta, elkarteak atzo Nafarroa gaindiko bide proiektuarekin Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantiko Departamenduko lehendakariak erakusten duen «gardentasun eza» salatu zuen atzo.
Elkarteak gogoratu zuen: «Donapaleun elkartu ziren manifestariek gauza bakarra itxaroten zuten Lasserre eta Aguerre publikoki bide egitasmoa baztertzen zutela esatea». Baina, agerraldi publikoa egin ordez, azken hilabeteotan Kontseilu Nagusiak egindako urratsetan «gardentasun eza, hautetsien mespretsua eta ixiltasuna» nabari izan zela salatu zuen elkarteak.
«Herriko etxeetan jarriak izan diren iritzi koadernoak emanak izan zaizkiolarik, herriko kontseiluetako %85a egitasmoaren aurka azaldu direlarik eta Donapaleun 5.000 lagun elkartu delarik ixildu da Lasserre», goraipatu zuen Daniel Olzomendi Leiako lehendakariak.
Horrenbestez, ixiltasun hori eteteko asmoa zeukala azaldu zuen Leiak atzo, eta, egitasmoaren bultzatzaileak proiektua behin betiko gelditzen zutela esatea eskatuko zietela argitu zuen. «Jean-Jacques Lasserre berriki proiektua herri eta kantonamenduetako hauteskundeak arte bazterrera uzten zuela esan du. Ez dugu onartuko Lasserre urtebetez ixilik egotea berriz hautatua izateko», nabarmendu zuen Jean-Marc Pouchulu elkarteko kideak.
Izan ere, urtebeteko ixiltasun hori oztopatzeko borroka jarraitzeko asmoa zeukala gaineratu zuen Leiak. Borroka hori nola eramanen duen erabakitzeko ondoko apirilaren 20an Larzabalen biltzar nagusia eginen du.
«Egitasmoa plantan jartzearen hirugarren fasean sartuko gara, eta horretara heldu aurretik proiektua behin betiko nola gelditu dezakegun pentsatu behar dugu», azaldu zuen. Leiaren iritziz, Jean Jacques Lasserren estrategia urtebete itxarotea da. «Herritarrek iritzia emana dute, beraz, proiektua ez da urtebete barru gelditu behar, baina, gaur bertan», zehaztu zuen Antton Etxeberrik.
Hauteskundeetan
Bai bi aste barru bururatuko den Estatu frantseseko lehendakaritzarako hauteskundeak bai eta legebiltzarra ondoren agertuko diren hauteskundeetan Leiak bere hitza entzunarazteko asmoa zeukala esan zuen atzo. Presidentzialeei dagokionez, hautagaiek «Nafarroa zeharkatuko duen nazioarteko bide proiektu berri» bati buruz duten iritzia biltzen saiatu da elkartea. Berdeetako Dominique Voynet, Jose Bove altermondialista eta Olivier Besançenot troskista egitasmoaren aurka azaldu dira. Segolene Royal sozialista, berriz, bide eta tren proiektuen artean zegoen desoreka oroitarazi eta, egitasmo horiek abiatzerakoan herritarrak debatean parte hartu behar zutela erantzun zuen. Legebiltzarreko hauteskundeetan ere Leiak iritzia azaltzeko asmoa du.
Apirilaren 20ko biltzar nagusian ondoko hilabeteetako borroka finkatuko badute ere, aurretik zenbait hitzordua jarri ditu Leiak. Izan ere, abendua eta urtarrila tartean egitasmoari buruz Nafarroa Behereko Herriko Etxe gehienetan herritar eta hautetsien iritzia jasotzeko ekintzak antolatu ondoren, Kontseilu Nagusiak Ipar Euskal Herri eta Bordaleko bi ararteko kabinete aukeratu izana probokaziotzat jo zuen elkarteak. «Bi kabinete horien lana, bide proiektuari buruz lekuko herritar eta hautetsien iritzia jasotzea izango da. Jakinda ere, lekuko herritar gehienak aurka azaldu direla zentsugabea da bitartekari lan hori eramatea, eta guretzako probokazio hutsa da», esan zuen Daniel Olzomendik.
Ararteko lan hori egiteko herrietan permanentziak irekitzeko asmoa daukate Kontseilu Nagusiak kontrataturiko bi kabinete pribatu horiek. Eta, herriz herri hautetsi eta auzapezekin biltzen saiatu dira. «Herritarrak banan-banan ikusten saiatzen dira kabinete horiek. Beraien xedea egitasmo horren aurka sortu den elkartasuna eta indarra haustea da», salatu zuen elkarteak.
Leiak, beraz, bilkura horiek herrietan eginen diren aldi oro, elkarretaratzeak antolatuko zituela esan zuen.
Herriko Etxeetan herritarren iritzia jasotzeko koadernoetan, herriko kontseiluetan bideratu diren bozketan eta Donapaleuko manifestazioan, gehiengoa proiektuaren aurka dagoela agertu dela esaten du Leiak.