AHTren aurkako manifestazioko deialdiak ugariak
GARA |
Gaur arratsaldeko bostetan eginen da AHT trenbide proiektuaren aurkako manifestazioa Irun eta Hendaia artean. AHT Gelditu! Elkarlanean plataformak, CADE eta LAB sindikatua antolaturik arratsaldeko 5etan abiatuko da manifestazioa batetik Santiagoko Zubitik eta bestetik Ficoba Erakustazokatik, eta bi desfileak elkartu ondoren Hendaiako tren geltokian amaituko da ekitaldia.
Jadanik manifestazio horretarako deialdia zabaldu duten alderdi eta elkarteei lotu zitzaien atzo Batasuna, LAB sindikatua eta Aralarren deialdiak. Sindikatuak, bere aldetik gaur iraganen den manifestazio «garrantzitsutzat» jotzen zuela goraipatu zuen.
«Kalean mobilizazio bidez erakustea Madril, Paris, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek inposaketaren aurkako jarrera zabala eta tinkoa dela erakustea garrantzitsua da», esan zuen. Egitasmoaren aurkako arrazoiak aipatzen jarraitu zuen AHTren eraikuntzak ez diela biztanleriaren benetako beharrei erantzungo, «apurtxo batzuen interesak mesedetzeko dirua xahutu baino».
Zornotzarako deialdia
Batasunak, berriz, RFF burdinbidearen kudeatzaileak bideraturiko debate publikoan azalduriko jarrera salatu ondoren, fase hori amaitu arren,«herritarrak informatu eta erreferenduma izateko borrokatzen jarraitu» behar zela esan zuen.
Aralarrek, azkenik, proiektu «erraldoi horren gainean erakundeek herritarren ahotsa entzun eta errespetatu» behar zutela esan zuen. «Herri honen beharretara egokitzen den trenaren alde gaude, baina, ez dugu `Euskal Y'-ak ekartzen duen tren ereduaren alde egingo. Garraio mahaiaren plangintza orokor bat egin beharko litzateke eta trenaren erabilera behar bezala aztertu», azaldu zuen, Zornotzan iraganen den manifestazio- ra ere deituta. Halaber, Elkarlaneko hamabost lagunekin elkartasuna adierazi zuen.