GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ordenagailu artean, baina udalekuen tankerakoa da hau»

Ordenagailuak handik, hemendik eta baita haragotik ere; jendea, janaria... eta inolaz ere izenik eman ezin diezaiokedan beste tramankulu ugari... Tolosako Usabal Kiroldegia, informatika «zale-maitaleen" bilgune da bihar iluntzea bitartean.

Maider EIZMENDI

Tik-tak, tik-tak... Informatika aditu eta zaleek ia hirurogei ordu luze izango dituzte Tolosako Usabal kiroldegian atzodanik abian den Gizpukoa Encounter bilkuran jo eta su aritzeko. Lehiaketa hainbat izango dira eta, batez ere, nork bere alorrean lan egiteko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea. Atzo goizean, jada, pixkanaka betetzen ari zen prestatutako gela handia. Etxetik ekarri behar da tresneria bertara eta prestaketa lanetan zebiltzan hainbat eta hainbat lagun.

Goizeko hamaika eta erdiak aldera iritsi zen Miguel Angel Sanchez Seyeca eta berehala ekin zion bihar arte bere bizileku eta lantoki izango duen gunea prestatzeari. Ez zuen lan makala, makina bat traste hartuta etorri baita Tolosara madrildar hori: bi ordenagailu, bi pantaila, ohe puzgarri bat... Eta nola ez, ahulki eroso eta handi bat, «hiru egun ezin baitira pasa, plastikozko aulki horietan», zioen. Huraxe kotxetik atera eta buru gainean zuela topatu genuen. Horrelako zenbat bilkuretan izan den galdetuta, ez zuen erantzuten jakin izan. «Ahal dudan guztietara joaten naiz; iaz, esaterako, 20tan baino gehiagotan izan nintzen». Martxa honetan, iazko marka guztiak gainditu behar ditu, jada makina batean izana da, eta joango den guztietako zerrenda amaigabea baitu. Lehiaketetan parte hartu, gainerako jendearekin materialak trukatu... Denetik egiteko asmoa du madrildar horrek, baina, batez ere, batean eta bestean ezagututako lagunak ikusi eta eurekin mintzatzeko aukera izatea du buruan.

Emakumeak urri izaten dira gisa honetako ekitaldietan. Tolosan parte hartzaileen %6 inguru da emakumezkoa. Naiara Martin bilbotarrak, ordea, jada hirugarrenez parte hartuko du informatika bilkura hauetariko batean. Aukera ugari dago, baina bera, batez ere, filmak ikusi eta bertaratutakoekin filmak trukatzera etorri da. Ezin irekiera ofizialari itxaron eta ostegun arratsaldean iritsi ziren Naiara eta beste hogei bat pertsonek osatutako lagun taldea. «Iritsi eta berehala tresneria guztia muntatu eta ordenagailuen aurrean jarri ginen». Jendea ezagutu eta ongi pasatzea da Naiararen helburu nagusia. «Azken batean, hau udalekuen antzekoa da, pertsona mordo bat ezagutzen duzu, eurekin lo egin eta jaten duzu», azaldu du. Gipuzkoa Encounterren, gainera, parte hartzaileek kiroldegiko igerilekura doan sartzeko aukera dute eta, goizean bertan, burua freskatze aldera-edo, joan zen igeri egitera talde bat, eskuan zeramatzaten toalla eta txanoek behintzat hori pentsarazten zuten.

Hala ere, batere lorik egin gabe eguna eta gaua ordenagailu aurrean pasatzen duenik bada. Salva Perugorria iruindarrak musika eta bideo klipak egiten ditu eta atzo goizean dagoeneko ordu gutxi batzuk lan eginda zebilen. Kuxkuxean ibili, bere arloan egiten ari diren lanak ezagutu eta kontaktuak egiteko modua dira bilkura hauek beretzat. Ez du gogoraratzen informatika eta ordenagailuekiko afizioa noiztik duen. «Dena da niretzat ordenagailua: lana, afizioa...». Frikiak direla dioten horiekin ez dago batere ados. «Nik ordenagailua afizio dut eta horregatik ez naiz nire lagunekin irten gabe geratzen. Jende arraroa garela diote beste batzuk. Hemen jende berezia bada, baina gainerako lekuetan bezalaxe».

Lanera ez, jolasera bertaratu da Dani Garcia bergararra. Atzo goizean iritsi zen gaztea lagunekin eta bihar arratsaldea bitartean jolasten eta jokuak trukatzen jardungo du. Ordenagailu berezia du Danik, berak egina da, eta horrek berezi egiten du oso. Horrelakoetan aritzeko ez dela asko jakin behar dio barrezka, jakin bai baitaki badirela ordenagailua piztu, testu bat idatzi eta itzaltzen ere nahikoa lan izaten dutenak. Arlo horretan aldaketa ugari gertatzen direla dio eta, hori horrela, berritasun guztiak ezagutze aldera, tentuz ibiltzea garrantzitsua dela dio. «Denbora laburrean kristoren aldaketak gertatzen dira, eta horrelako bilkuretan horiek ezagutzeko aukera dago».

Adituen artean, etorkizuneko adituak ere saltsan zebiltzan. Jolas egiteko pantaila batzuk jarri dituzte antolatzaileek eta bertan zebiltzan, nor baino nor, euren futboleko izarrei hankak astintzen hainbat gaztetxo ere. On egin diezaiela guzti guztiei!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo