CFA
Genetsen eta Avironen arteko derbia bihar arratsaldean jokatuko dute
Jon LEUNDA | BAIONA
Genets eta Aviron bihar arratsaldean, 15.30ean neurtuko dira Angelun, Saint Jean zelaian.
Hasiera batean partida hori gaur ilunabarrerako zegoen iragarrita, baina bihar bazkalostea arte aurreratu dute. Horren arrazoia errugbia izan da. Izan ere, Saint Jean zelaia bete egingo da, eta horretarako ezinbestekoa zen norgehiagoka ordu batzuk aurreratzea, gaur arratsaldean jokatuko baitu Avironek errugbiko partida.
Baionatik joango ziren zale asko gaur errugbia ikusi gabe geratuko ziren eta partida aurreratuta, biak egiteko modua izango dute, eta horixe izan da arrazoi nagusia.
Norgehiagokak, berriz, derbiak duen ikusmin hori izango du, baina orain dela hilabete izan zezakeen interes bera ez du izango. Orduan bigarren eta hirugarren zeuden, eta lehen sailkatua, Rodez, Angelura eta Baionara etorri beharrean zegoen.
Zuri-urdinek eta hori-berdeek, ordea, beheruntz egin dute nabarmen, eta lehen postuan denboraldia amaitzeko ia aukerarik gabe geratu dira. Lehen sailkatuak bakarrik izango du igotzeko parada, eta ez dirudi euskaldunek horren aukerarik izango dutenik.
Bigarren geratzeak ere garrantzi handia izango du; izan ere, N1 Mailan talde bat baino gehiago dira diru arazoekin, eta segurutzat jotzen dute arazo horrengatik maila galduko duten taldeak bat baino gehiago izango direla eta bigarren geratzen den taldeak, agian izan dezake mailaz igotzeko aukera.
Jokalariei dagokienez, ez talde batean ez bestean aparteko bajarik ez da, baina Avironek aldaketa batzuk egingo ditu, hamaikakoan. Gruel, Dors, Lafitte, Dubroca, Lebars, Cochet, Ipek, Ricaud, Elouari, Heckly, Gueye eta Poueys arituko dira Genetsen. Avironen, Bouet, Lespiaucq, Lestage, Estrade, Degoul, Bidegain, El Hajjam, Labarbe, Balde, Lalane, Barsacq eta Sautie izango dira.