bidasoa
Jaitsiera saihesteko beste final bat dute irundarrek Almerian
A.S. | DONOSTIA
Bidasoak Almerian jokatuko du gaur (19.00, Rafael Florido pabiloian) jaitsiera postuetatik irtetzeko beste final bat. Zortzi final gelditzen zaizkie irundarrei, eta jokoan izango diren hamasei puntuetatik zortzi ateratzea helburua dutela jakinarazi dute Bidasoakoek. Momentuz, gaur irabaztekotan, postu bat aurreratuko zuten gutxienez, Almeria bi puntu gehiago baititu. Hain zuzen ere, andaluziarrak dira jaitsiera postuetatik at sailkatuta dauden lehenengoak.
Almeriaz gain, partida horiek dituzte Julian Ruizen mutilek denboraldia bukatu arte: etxean, Teka, Torrevieja eta CAI Aragon; eta kanpoan, Valladolid, Algeciras, Granollers eta Portland. Egutegi hori ikusita, argi dago Almerian irabaztea ia erabakiorra dela, gainontzeko irteerak ez baitira errazagoak izango.
Gaurko partidari dagokionez, Bidasoak lan handia egin du Ligak hartutako atsedenaldian norgehiagoketara ahalik eta hoberen iristeko. Dena dela, beren selekzioekin jokatzen egon diren Erevik, Aagaardek eta Onetok astearen hasierara arte ez dira Irunen egon. Bestalde, Yerai Lamariano bere gaixotasunaz osatu da.