GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Taktika protagonista izan zen

Iñigo Chaurreau

Atzokoak etapa erregina zirudien hasieragatik eta ez zuen hutsik egin. Viciosok lidergoa harrapatu zuenetik taktikoki mugitu beharra zegoen, bi minutu kentzea ez baita batere erraza eta atzoko etapa oso taktikoa izan zen.

Euskaltelek, adibidez, oso ondo mugitu zituen bere aukerak. Aukera nabarmenena zen hasieratik aurrean ibiltzea, gero Mikel Astarloza ere irtetzea, Samuelekin zubia egiteko aurrerago. Horrela zegoen pentsatuta eta horrela irten zen. Saunierren kasuan, gauza bera: Cobo ihesaldian sartu eta bere aukera jokatu eta, gero, teoriaz indartsuen zirenak, bere bi lider nagusiak, aukerak eduki zituzten erasoak jotzeko ere bai.

Oso estrategia onak izan ziren, oso ondo eginak eta oso ondo irten zirenak. Azkenean, emaitza onena Saunierrek lortu zuen. Euskaltelek, beharbada, ez du emaitzik lortu, baina eskaini duen itxura eta jokabidearekin, nahiz eta garaipenik ez lortu, zoriontzeko eta arro egoteko etapa, baita itzulia ere, egin dutela uste dut.

Baina ez dut Vicioso ahaztu nahi. Hasieratik karrera nola jarri zaion ikusita, lan nahikoa zeukaten Relaxekoek. Eta iruditu zitzaidan esperientzia eta korredore guztien klasea azaldu zela. Beharbada, formaz ez daude hain ondo, baina egin behar zutena egin zuten, oso talde indartsuen aurrean, diferentzia nahiko ondo utzita erlojupekora begira. Vicioso eta taldearen jarrera eta korritzeko era txalogarria izan ziren. Itzulia, %50ean utzi zuten, Vicioso eta Coboren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo