GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Notak jartzeko garaia

Gaizka LASA

(Karpin-Galicia)

Azken eguna heldu da, notak jartzeko garaia. Eta neuk ere nere notak jartzea erabaki dut. Aprobatua justu, baina oso justu, lortu duen antolakuntzarekin hasiko naiz.

Egia da ikusleentzat buelta polita izaten ari dela, lehen postuetan gauzak hestu, helmuga erakargarriak... Baina txirrindularion ustez, gauza batzuk sobran daude. Adibidez, atzoko lehen 25 kilometroko buelta ez zen ondo ulertzen, gogorra eta, batez ere, arriskutsua zelako. Hainbeste begiratzen dute gure osasunagatik, hainbeste kontrol... Eta gero horrelako errepideak, hestuak, zikinkeriekin lurrean...

Txirrindularioi, bereziki azken bi egunotan alboan izan ditudanak grupetan, ordea, bikaina. Batez ere atzo, aurretik hainbeste kilometro geratzen zirela, eta denok laguntasunez portatu gara, animatzen, erreleboak ematen. Aurrekoek egunkarietan eta sailkapenean bikaina lortzen dute, eta atzekoei hemendik ematen diet ere.

Eta zaletuei dagokienez, denetatik dago. Gutxi batzuei suspentsoa emango diet, azkenak, sufritzen, pasatzen garenean «alperrak» bezelako gauzak esaten baitizkigute. Beste batzuei, aprobatua, txalotu eta animatzen baitute..., baina bultzakadatxo bat eskertuko genuke ere. Hori egiten dutenei, txalotu, animatu, bultzatu, ura eman eta abar, hamar ez, hamaikakoa ematen diet. Gure egoera ulertzen dute ezer esan gabe. Atzo hori guztia egin zutenak, jakin dezatela Oiartzunen ikusten banaute, esan diezadala, pote pare bat zor baitiet.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo