Biarritz
Irabazi bai baina berriro ere itxura kaskarra erakutsirik
Lapurtarrak ongi hasi ziren, baina emeki-emeki beren jokoa galtzen joan ziren, eta amaierarako kanpotarrak egin ziren norgehiagokaren jabe
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek irabazi egin zuen atzo Agenen aurka. Egin beharrekoa egin zuen, baina puntu gehigarririk gabe, eta une honetan estraineko lau postuetan dago. Hori bai, gaur bere aurkari zuzenek ere irabazten badute, berriro ere bosgarren postura itzuliko da.
Zuri-gorriek aurrez aurre mailari eusteko borrokan dabilen talde bat zuten, eta aukera paregabea zuten bost puntuak batzeko, baina laurekin konformatu behar izan zuten.
Lapurtarrek, berriro ere, nahiko itxura kaskarra eman zuten. Baja asko zituzten, baina Agenek ere horrela zituen, eta ez dago balio duen aitzakiarik. Hala ere, neurketaren hastapenak bestelako itxura hartu zuen. Oren laurdenerako, euskaldunak 9-0 aitzinetik ziren Yachvilik gauzatutako hiru zigor-kolperi esker.
Hortik aurrera, ordea, jokoak behera egin zuen. Etxekoak ziren nagusi, baina ez zuten ia aukerarik sortzen. Agenek, aldiz, aurrean ez zuen ezer egiten eta atzean sendo agertzen ziren. 9-0koarekin atseden hartzera joango zirela zirudienean, Bidabek entsegua egin zuen, Yachvilik ez zuen amatu transformazioarekin, ets 14-0koarekin joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatiaren hastapenean, berriro ere, Biarritz izan zen nagusi, eta Yachvilik, beste zigor-kolpe bati esker, 17-0koa jarri zuen markagailuan.
Hortxe amaitu zen, ordea, zuri-gorrien jokoan, eta amaiera arte ezer gutxi egin zuten. Agen ere aurkariaren ahultasunaz konturatu zen; kosta egin zitzaion, baina azkenean konturatu zen, eta aurrera abiatu ziren. Hala ere, horiek ere ez zeuden kanpaiak jotzeko moduan, eta eskerrak, bestela berriro ere puntuek ihes egingo baitzuten Agileratik. Biarritzek irabazi zuen, baina asko hobetu beharra dauka.
17
7