GARA > Idatzia > Ekonomia

Kemen-eko langileek atzera bota dituzte enpresak proposaturiko neurriak

44 kaleratze jasotzen duen enplegu-erregulazio espedientea eta hileroko soldata 120 eurotan murriztea barnean duen zuzendaritza proposamenari ezezkoa eman diote Kemen-eko langileek.

GASTEIZ

Kemen Haworth multinazionalaren filialak Gasteizko lantegia lanean mantentzeko jarritako baldintzak ez dituzte onartu langileek. 44 langileen kaleratzea jasotzen duen enplegu-erregulazio espedientea eta soldata 120 eurotan murriztea dira, besteren artean, enpresak planteatzen dituen neurriak langileei luzatutako proposamenean.

144 langilek egitasmo horren kontrako boza eman zuten, beste 32, alde agertu ziren eta bederatzi abstenitu egin ziren.

«Enpresak luzatutako ultimatumaren aurrean, langileria irmo mantendu da», adierazi zuen LAB sindikatuak.

Jarduera industrialak bermea izan dezan eta Haworth multinazionalak instalazioak lanean mantentzeko jarritako baldintzak direla-eta, Kemenen etorkizuna zihurtatzeko negoziazioari ekiteko deia egin zuen.

Murrizketak

Enpresak 56 langile kaleratzeko asmoa mahai gainean jarri zuen joan den azaroan. Negoziatu ondoren, 44 lagunetara murriztu zuen kalera bota nahi zituenen kopurua eta aurre erretiroekin edo euren borondatez lana utzi nahi zutenekin beteko zuela asmo hori esan zuen.

Orain egin eta langileek errefusatu duten proposamenean neurri hori mantentzen du. Era berean, hileroko soldata izoztea proposatzen du aurten eta jardueraren prima murriztea nahi du, hau da, soldata 120 eurotan murriztu.

Kemen-eko langileek mobilizazio ugari burutu dituzten erregulazio enpleguaren kontra eta lanpostuen alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo