GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Euritakoarena, krisirik latzena

Bizi garen garaiotan, edo, beharbada, bizi gaituzten garaiotan, dena dago krisian. Ura krisian dago, eta klima ere bai. Eliza krisian dago, eta ermita ere. A8a krisian dago, norabide bietan egon ere. Enpresa asko krisian dira, enpresaburuak egoera berean ez izan arren. Kardiakoa ere krisian, erreumakoaren modura. Demokrazia bera krisiak jota dago, nahiz eta demokratak enteratu ez diren, hauteskundeak berotzen dihardutelako. Euritakoa identitate-krisi sakonean dago, aterki, guardasol ala euritako, zer demontre den jakitera heldu ezinean garaiotan. Eta bada Irak ere krisian dagoela esatera ausartzen denik. Are gehiago, krisia bera dago krisian. Atera kontuak! Akabua! Krisostomo izendatu beharko zuten Lurraren patroi garaiotan, bera ere krisian ez badago, behinik behin. Krisi garaiek aztoramena izaten dute adierazleetariko bat, sena bilatu, lehen, eta sena gauzatzeko, gero, bide egoki legez. Hortaz, ez nau batere harritu Ebroko urek bazterrak bere egin izanak, urak lurtarrek baino sen handiagoa duen seinale. Ez nau harritu Itoiz inguruko lurrak ikaratan segitu izanak ere, lurra lurtarrak baino bihozberagoa den seinale. Ez da urtegia lurra ikaratzen duena, presa baino; ez da ura ikaratzaile, zementua baino. Noiz sartuko dugu azken hau behin betirako krisian, behin betiko mausoleoan, hori zigilatzeko harrobi berri gutxi batzuen beharra izango bagenu ere?

Tira, harira! Krisira. Lehengoan egunkaria eskuetan hartu, orrialdeak arrapaladan pasatzen hasi eta horra! Euskal Herriaren Itzulia! Une oso motz batez prozesua abian zela pentsatu nuen, hemengo denak sartzen ginela hangoen legedian. Bai zera! begiak hurreratu eta Euskal Herriko Itzulia zela konturatuta, begiak lurreratu, txirrindularitzaz ari zen kazetaria! Beste batean izango da! pentsatu nuen, eta begiak berriro euren zulora sartu. Egunkaria eskuetan oraindik, Herria maitatzea, ezagutzen dituzunak maitatzea, baita ezagutzen ez dituzunak ere irakurri eta halako zirrara goxoa barneratu zitzaidan, gobernuz kanpoko erakunde jator baten mezua zelakoan. Bai zera! Ertzaintzaren lanpostu deialdia! Akabua! Okulistara jo behar dut. Eta banoa, kalera irten eta euria. Euritakoa hartu dut, gizajoa, krisiak jota dago, ez daki Mary Poppins ala EBBko kimikaria, zein hartu erreferente. Gizajoa, hitz egin behar dut serio berarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo