GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskuina «oroimena aldatu" nahian dabilela salatu du EBk Errepublika goratze ekitaldian

Urtero bezala, EB-Berdeak-ek Bigarren Errepublika aldarrikatu zeneko 76. urtemuga ospatu zuen Eibarren. Eskuineko alderdien aurka egiteaz beste, PSOEren eta Gobernu espainolaren aurkako hitzak ere izan ziren.

EIBAR

Estatu espainoleko Bigarren Errepublika aldarrikatu zen lehenbiziko udalerria izan zen Eibar 1.931ko apirilaren 14an, eta atzo, urtemuga zela-eta, urtero legez, Ezker Batuak-Berdeak-taldeak Bigarren Errepublikaren aldeko ekitaldia egin zuen Debabarrenako herrian. EBko kide ugari elkartu ziren Eibarko Untzaga enparantzan errepublikaren aldeko aldarrikapena oroitzeko ekitaldian. Bertan izan zen, gainera, IUko idazkari nagusi Gaspar Llamazares. Eskuineko alderdien aurka jo zuen horrek, bai eta PSOEk indarrean jarri berri duen Oroimen Historikoaren Legearen aurka ere.

EB-Berdeake taldeko idazkari nagusi Javier Madrazo ere Eibarren izan zen atzo eta eskuineko alderdien nahiz monarkia espainolaren aurka egin zuen, bere esanez, «oraindik kalea beraiena dela uste baitute». Madrazoren esanetan, gainera, «1936ko Estatu kolpe faxista Borbondarrak Espainian ezartzeko indar erakustaldia izan zen», eta horrek «biharamunik gabeko» etorkizuna ekarri zuela gaineratu zuen. Gogor aritu zen gainera hitz jokoan: «Gure oroimena Errepublika da; ondo entzun gaitzatela historiaren armarioan oraindik hilotzak gordetzen dituzten horiek guztiak».

EBko idazkari nagusiaren ondotik hartu zuen hitza Gaspar Llamazaresek eta hasi bezain laster errepublikaren «balo- reak» goraipatu zituen; baita horiek kontrajarri ere, bere aburuz, 1931ekoa gutxiesteko helburuarekin «krisi» garaia bezala irudikatzen dutenei ere.

PSOEren legearen aurka

Eskuineko alderdiak izan zituen honek jomugatzat, eta Errepublikaren gainean isurtzen dituzten «gezurrak» martxoaren 11ko Madrilgo atentatuarekin alderatu zituen, hala, Llamazaresen ustez, eskuinak bere burua «zilegiztatzeko» baliatzen baititu.

Eskuineko alderdiek Errepublikaren gainean esaten dituzten «gezurrak», finean, beren burua «zuritzeko» eta «Konstituzioarekiko duten atxikimendua» azaltzeko baliatzen dituz- tela defendatu zuen Llamazaresek. Jarraian, aldiz, Gobernu espainoleko gidaritza daraman PSOE alderdiaren aurka ekin zuen, eta batik bat, orain hilabete eskas indarrean ezarri duten Oroimen Historikoaren Legearen aurka.

«Egun dituzten beharretara egokitzen dute Bigarren Errepublika. Eta Bigarren Errepulikan ezin daiteke distantziakidetasunik egon biktimen eta borreroen artean. Horregatik, guk, PSOEk eta Gobernuak aurkeztutako Oroimen Historikoaren Legea errefussatzen dugu», azaldu zuen IUko idazkari nagusiak. Llamazaresen esanetan aipatu legeak ez ditu «sakonean dauden arazoak konpontzen» eta PSOE alderdiak itxurakeri egiteko bultzatu duen ekimena besterik ez da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo