GARA > Idatzia > Euskal Herria

Indarrak batu dira mugan AHTren egitasmoari ez esateko

Mila bat lagun elkartu zen atzo Hendaia eta Irun arteko Santiago zubian AHT trenbide proiektuari «ez" esateko. Mugaz bi aldeetako elkarte eta eragileek deiturik, AHT gelditu aldarrikapena ekartzen zuen desfilea Hendaiako geltokira joan zen. Ekitaldiaren sinboloa goraipatu zuten antolatzaileek, «AHTaren aurka,herri bat garela" frogatu zutelakoan.

Ainize BUTRON

Mugaz bi aldeetan dagoen Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako manifestaldia burutu zen atzo Hendaian. Mila lagun inguru zeudela-eta bertan, manifestazioaren antolatzaileek ekimena positiboki baloratu zuten «AHTren aurka herri bat garela» erakustea lortu zelakoan.

AHT gelditu! Elkarlanean plataformak Irungo Ficoba gunean emana zuen hitzordua desfilea abiatzeko 17.00etan; eta, bertatik abiatu ondoren, CADE inguramen defentsako elkarteen kolektiboa eta LAB sindikatuko kideekin topo egin zuten Santiago zubian. «AHT gelditu», «Ez, ez, ez AHTrik ez!» edo «Ama lurra defenda dezagun» ziren desfilean zeuden paneletan irakurtzen ahal ziren aldarrikapenak.

Eta, horiek zituzten, izan ere, manifestalariek deiadarkatu bertatik Hendaiako geltokia arte egindako desfilean. Heldu aurretik, eta Santiago zubian zeudela, Aiziritzen Lur Berriren kooperatiba okupatzen dauden trasgenikoen aurkako kolektiboko kideek beraien ekintzaren zergatia azaltzeko aukera izan zuten. Ondotik, desfilea geltokirantz abiatu zen «Muga guztien gainetik AHT gelditu» aldarrikapena zeraman pankarta bidea zabaltzen zuen bitartean.

Manifestazioa, beraz, 18.00ak aldera iritsi zen geltokira, eta bertan, txalaparta lagun zutela AHT gelditu Elkarlanean plataformaren izenean Gaizka Oiarzabal eta, CADE kolektiboarentzat Victor Pachon hitza hartze- ko parada izan zuten.

Oiarzabalek atzoko ekitaldiaren garrantzia goraipatu zuen, herri mugimendu, sindikatu eta alderdiak elkartuak zeudelako: «indarrak batuta lortuko dugu erokeri hori gelditzea». Atzoko agerraldiaren bidez AHTren aurkako borrokan beste urrats garrantzitsua gainditu zela esaten jarraitu zuen eta egitasmo horri «muga guztien gainetik herri bezala erantzun» beharra zegoela erran zuen ere bai.

Azken atxiloketak gogora ekarri zituen ere Oiarzabalek mobilizazioak proiektuaren bultzatzaileak «urduri jartzen zituela» nabarmendurik. Horrenbestez, borroka aurrera jarraitzen zuela-eta, ondoko apirilaren 28an Bilbon iraganen den manifestaziora deitu zuen. «Ez dugu onartuko makroproiektu horrek aurrera egin dezan», esaten amaitu zuen hitzaldia. Victor Pachon, berriz, borrokari eutsi behar zitzaiola esaten jarraitu zuen. «Ondoko borrokan su emanen dugu Euskal Herrian, eta ez dezatela espero itzaliko dugunik», zabaldu zuen.

Halala, berriz ere, proiektua aurkeztu denetik RFF egiturak azalduriko datu faltsuak aipatu zituen, eta Baionatik Hendaia arte doan egungo trenbidearen aldeko apustua egin behar zela aldarrikatu zuen.

Teknokraten jarrera

Egitasmoaren bultzatzaileek mugaz bi aldeetan izandako jarrera parekatu zituen ere Pachonek. Euskal Erkidegoan proiektua aurrera eraman eta deba- terako parada ez emateaz gain, «poliziak bidali eta ixiltzeko» esan zietela argitu zuen. Lapurdin, berriz, datu faltsuekin debate publikoa antolatu zutela gogoratu zuen.

«Eztabaida bukatu, eta erranak kontuan hartu gabe egitasmoa aurrera eraman dute. Ixildu eta aurrera, hori da tek- no- kraten funtzionamendua», salatu zuen.

Jarrera hori dela-eta, herriz herri egitasmoaren aurka antolatu behar zela erran zuen CADEko arduradunak. «Elkarteak dauden herrietan auzapezak egitasmoaren aurka azaldu dira», gogoratu zuen hizlariak, indarrak batzearen beharra berretsirik.

«ez dute itzaliko"

Victor Pachonek borrokari eutsi behar zaiola goraipatu zuen atzo. Eta, ondoko borrokan «Euskal Herriari su emanen» ziotela nabarmendu zuen. «Ez dezatela espero su hori itzaliko dugunik», bukatu zuen esaten.

Hendaia, tren linea berriak sortuko duen arazoaren adibidea

Ingurumen arloan sortuko duen sarraskiarekin batera, Victor Pachon CADEko arduradunak, AHT egitasmoak ekonomia arloan ere ondorio latzak izango zituela nabarmendu nahi izan zuen atzoko ekitaldian.

Eta, manifestazioa Hendaian bukatzen zutela-eta, trenaren bidez bertako herritar asko lan egiten dutela-eta, izango duen eragina goraipatu zuen. «Proiektuaren bultzatzaileen xedea AHT berria burdinbide berri horretan ematea da. Tren berri hori burdinbidearen kohetea izendatua izan da. Kohetea bada ez da herrietan geldituko», argitu zuen. Hala, Pachonen ustez, argi da burdinbide proiektu horren bidez ekonomikoki indartsuak diren gune gero eta handiagoak eraiki nahi dituztela.

«Egitasmo horretan Hendaia bezalako herriak guztiz baztertuko dituzte. AHT proiektua bai ingurumen bai eta ekonomia sailan izugarrizko sarraskiak sortuko ditu ere», berretsita bukatu zuen hitzaldia CADEko kideak. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo