GARA > Idatzia > Kirolak

Areto futbola

Bigarren zati txar batek ezer gabe utzi du MRA

LOBELLE 4
MRA NAVARRA 1

Jon LEUNDA | IRUÑEA

MRA Navarrak astindu dezentea hartuta etxeratu behar izan zuen atzo Santiagon jokatu zuen norgehiagokan. Berdeek lehen zati itxurosoa egin zuten, baina bigarren zati negargarria egin zuten, eta amaieran esku hutsik, eta lau gol hartuta itzuli behar izan zuten.

Lehen hogei minutuetan MRA taldea ongi kokatuta aritu zen, eta zuloak ongi itxi zizkien galizarrei, eta ez zuten atzealdean aparteko arazorik ukan. Erasoan, saiatu ziren, baina nahiko kamuts aritu ziren tarte horretan, eta markagailua estreinatu gabe joan ziren bi taldeak atseden hartzera.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren, eta bigarren zati horretako lehen minutuan hasi ziren gauzak okertzen. Etxeko taldea markagailuan aitzineratu egin zen Betaok lortutako gol bati esker. Horrek ez zion, ordea, Arregiren taldeari esnatzeko balio izan, eta etxekoen menpe jarraitu zuten.

Galizarrek ere, ez zuten aparteko ezer egiten, eta partida amaitzeko zazpi minutu falta zirenean egin zuten bigarren gola. Horrek gora bultzatu zituen nafarrak, atzean zulo asko utzita, eta Lobellek beste bi gol egin zituen, norgehiagoka erabakita utzita. Arnaldok azkeneko jokaldian lortutako golak markagailua itxuratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo