GARA > Idatzia > Kirolak

PILOTA Buruz buruko txapelketa

Barriolak ia hutsik egin gabe gailendu zitzaion Xalari

Leitzakoak partida borobila egin zuen eta duela bost urte txapeldun izan zen pilotariaren traza hartu zuen. Lekuinekoak, ordea, akats gehiegi egin zituen

BARRIOLA 22

XALA 11

Aritz SORZABAL | ZARAUTZ

«Gozatu dut». Horiek izan ziren Abel Barriolaren lehen hitzak Xala menderatu eta buruz buruko txapelketako final zortzirenetako txartela eskuratu ostean. Hurrengo kanporaketan Kepa Peñagarikano izango du aurkari. Zarauzko frontoian Barriola sendo ikusi ahal izan zuten zaleek, ia akatsik egin ez zuen pilotaria . Hain zuzen ere, partida osoan egindako huts bakarrenetarikoa 12-7koan egin zuen Leitzakoak, kantxa erditik dejada bat egiten saiatu zenean.

Xalak, ordea, jokoan sartu zenean, norgehiagoka txukuna egin zuen arren, huts gehiegi egin zituen hain ziurra jokatu zuen nafarra menderatzeko. Bi pilotariek tanto ederrak egin zituzten, bakoitza bere estiloan, baina Lekuinekoak egindako hutsek erabaki zuten.

Xalak sakez eta boleaz lortutako 0-1ekoa eta gero, Barriolak hamar tanto egin zituen jarraian. Bi paretak, dejadak, eskubikada indartsuak eta defentsa ona erakutsi zituen minutu horietan, txapelketa oso ondo prestatu duen seinale. Azkar eta sendo ikusi zitzaion, Barriola onenaren antzera.

10-1ekoa margagailuan zelarik, Xala behingoz partidan sartu eta bost tantora hurbildu zen (12-7), dejadaz eta boleaz baliatuta. Baina tanto ederrak hutsekin tartekatu zituen, bere aurkariak ez bezala. Hori erabakigarria izan zen azkenean, Barriolak ez baitzituen oparirik egin.

22-11koa partidan egindako zazpigarren sakeari esker erdietsi zuen Leitzakoak. Pozez gainezka bukatu zuen, oso sentsasio onak eskaini baitzituen.

Koka eta Zearra, gaur

Azkoitiako Gurea frontoian ostiralean jokatutako kanporaketari dagokionez, Oinatz Bengoetxea Pedro Martinez de Eulateren gainetik pasatu zen, erauntsi baten moduan (22-4). Partidak kolore bakarra izan zuen, Leitzakoak soinean zeraman urdin kolorea, hain zuzen ere. Egia esan, Martinez de Eulatek partida kaskarra egin zuen, 32 minutu eskasetan galdu baitzuen, pilota bakar bat ere gozatu gabe.

Bengoetxeak 4-0 batez ireki zuen kanporaketa. Bere aurkariak 4-2koa jarri zuen ondoren, baina hor amaitu zen lehia. Urdinak 17-0 partziala egin zuen eta 21-2koa igo zuen markagailura minutu eskas batzuetan, Eulateren ahulezia agerian uzten. Bengoetxeak Iñigo Leizaren aurka jokatuko du final zortzienetan. Partida horretan ez ditu hainbeste opari izango, ziur.

Kokak eta Zearrak gaur jokatuko dute Bergaran 17.00etan hasten den jaialdian. Irabazleak Patxi Ruiz izango du zain.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo