GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Zornotza

Udaberriko Klasikoarekin amaituko da euskal astea

Euskal Herriko Itzulian lehendabiziko postuetan lehiatu direnak faborito nagusiak dira txapela janzteko

Unai IRARAGORRI | BILBO

Mailaz igo nahi du hurrengo urtean antolakuntzak lasterketa, baina aurten ere goi mailako partaidetza bilduko du Zornotzako Udaberriko Klasikak. Izan ere, Euskal Herriko Itzuliko irabazlea, Juanjo Cobo, eta Angel Vicioso, bigarren sailkatua, aterako dira, baita iazko garailea Carlos Sastre, Koldo Gil, Jose Angel Gomez Marchante, Frank Schleck, Igor Astarloa eta Francisco Mancebo ere.

Guztira, 14 talde dira; CSC, Euskaltel-Euskadi, Caisse d'Epargne, Milram, Saunier Duval eta Lampre UCI Pro Tourrekoak; Relax, Fuerteventura-Canarias, Karpin-Galicia eta Andalucía; eta Orbea, Nicolas Mateos, Extremadura eta Viña Magna talde kontinentalak.

Tropela nabarmentzekoa da. Sastrek ez du erraza izango iazko garaipena errepikatzea, baina CSC taldeak beste aukera batzuk ditu, esaterako, Schleck, Kolobnev eta Voigt.

Edonola ere, Saunier Duval taldea izango da hautagai nagusia Gudari kalean irabazteko. Matxin zuzendariak Cobo, Gomez Marchante eta Koldo Gil eramango ditu Zornotzan. Dena den, sei eguneko lehia eman dute hiru horiek Euskal Herriko Itzulian eta gogoak eta indarrak murriztuta izango dute.

Euskaltel-Euskadi garaipenaren bila aterako da gaur. Samuel Sanchez baja izan da, eta Anton gaztea ahaleginduko da.

Valverde, berriz, beti da hautagaia Zornotzan besoak altxatzeko. Hain zuzen ere, bi aldiz jantzi du txapela, eta Quim Rodriguez eta Ruben Plaza izango ditu alboan. Azken horrek elastiko berria estreinatuko du.

Milram eta Relax taldeek Astarloa eta Vicioso izango dute liderrak, hurrenez hurren; orain dela urte batzuk jantzi baitzuten txapela. Bestetik, Bruseghin, Vila, Caruso eta Bono dira Lampre taldeko buruak.

UCI Pro Tourretik at, Sevillak eta Mancebok Vicioso lagunduko dute Relaxen, eta Fuerteventura, Karpin eta Andalucia lehia ematen saiatuko dira.

Azkenik, Orbea ahalik eta ondoen saiatuko da egiten etxean, eta Otxotorena, Oroz eta Zubero txirrindulari sendoenak ditu.

Ibilbideari so, betikoa da, hau da, hasierako 100 kilometro ordekan eta hiru igoera Muniketa eta Autzagane gainetara bukatzeko, azkena helmugatik hiru kilometrora.

ORBEA

Orbea taldeak ez du Euskal Herriko Itzulian parte hartu. Horregatik, dena emateko prest azalduko dira etxeko lasterketan. Otxotorena, Oroz eta Zubero ditu talde buruak Alvaro Gonzalez de Galdeanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo