Euskal Unibertsoaren hirugarren edizioa Ibaetan egingo du EHBEk
Apirilaren 26an izango da Euskal Unibertsoaren hirugarren edizioa. Euskal Unibertsitatea egun batez irudikatzeko asmoz jaio zen ekimenak egitarau zabala izango duela eta oinarri pedagogiko sakonak izango dituela jakinarazi du Euskal Herriak Bere Eskolak. Ekimen horrek Euskal Unibertsiatea eraikitzeko «urrats bat" izan nahi duela adierazi du.
Oihana LLORENTE|
Urtero legez, aurten ere iristear da Euskal Herriak behar duen Euskal Unibertsitatea irudikatu eta aldarrikatu nahi duen ekimena, datorren apirilaren 26an izango baita Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak (EHBEk) antolatzen duen Euskal Unibertsoa. Aurten, Ibaetako campusean egingo dute, eta hamaika mahai inguru, lantegi, hitzaldi eta eztabaida izango ditu Euskal Unibertsitatearen aldeko ekitaldi honek.
Leioako eta Iruñeko campusak zeharkatu ostean, hirugarren edizioa EHUk Donostian duen campusean egitea erabaki du EHBEk. Alde horretatik, egitarau oparoa antolatu du «Ireki, eraiki bidea Euskal unibertsiatea!» leloarekin aurtengo ediziorako.
Eskubideak lehenetsi
Gaur egungo unibertsitate ereduek eskaintzen ez duten hezkuntza eredua eskaini eta islatu nahi dutela adierazi zuten antolatzaileek atzo Ibaetan bertan egindako agerraldian.
«Aintzat hartzen ez diren eskubideak lehenesteari eta betetzen ez dituzten prestakuntza, ikerketa, aisialdi aukera eta kultur eskaintza hutsuneei erantzuna eman nahi diegu», adierazi zuten.
Euskal Herriak behar duen Euskal Unibertsitatea aldarrikatzeaz gain, egintzaren eginaz egitea posiblea dela erakutsi nahi du herri ekimenak. Horren froga dira urteetan Euskal Unibertsitatearen alde hainbat herri eta unibertsitatetan abian jarritako dinamika soziala eta bereziki azken hiru urteetan egindako Euskal Unibertsoaren ekimenak.
Ekimenaren funtsa, EHBEren arabera, bertaratutakoei euskara hutsean eta edukiz jantziriko saio eta ekitaldi kulturalak eskainita, egun batez Euskal Unibertsitatea irudikatzea da. Baina antolatutako egitaraua ez da nolanahikoa; izan ere, atzoko agerraldian azaldu zutenez, Euskal Unibertsoak «Euskal Herrian garatzen den edozein proiektu pedagokikok oinarrian izan beharreko gutxieneko printzipioak jasotzen ditu».
Gutxieneko printzipio horien inguruan itaunduta, zazpi oinarri aipatu zituzten. Lehena, herri izaera bermatzea; hau da, Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartzen duen hezkuntza euskalduna sustatzea. Irakasleak, ikasleak, langileak, hezkuntza eragileak eta herritarrak hezkuntzan inplikatuko dituen hezkuntza eredu herritarra izatea eta parte-hartzea bultzatzea da bigarren elementua. Ezagutzak eraikitzeko teoria eta praktika uztartu eta eraldaketara bideratua egongo den eredu askatzailea lehenestea da aipatutako beste pritzipioetako bat.
Pertsona eta taldeen gaitasun sortzaileari bideak ireki eta erraztuko dituen eredua da Euskal Unibertsoan garatu nahi dutena, baita gogoetak, hausnarketak eta autokritikak sustatzen dituena ere. Elementu horietaz gain, herri ekimenaren aburuz, ingurumena zaintzea eta parekidetasuna bultzatu beharreko beste elementu batzuk dira.
Euskal Unibertsitatea xede
Egun batez Euskal Unibertsiatea irudikatzetik Euskal Unibertsitatea bere horretan eraikitzeko jauzia ematera igaro nahi du Euskal Herriak Bere Eskolak. Horretarako, euskal ikasle, langile, irakasle eta herritarrei bide horretan ekarpenak egiteko gonbita egin die.
EHBEren ustez, zazpi dira bermatu beharreko gutxieneko printzipio pedagogikoak: herri izaera izatea, eredu herritarra, parte hartzekoa eta askatzailea garatzea, sortzailea, kritikoa eta parekidea izatea eta ingurumena zaintzea bermatzea.
Euskal Unibertsoko edukiak hainbat arlotan banatuko dituzte. Teknologia berriak, kimika, ekonomia, hizkuntza eta hezkuntza izango dira atal nagusiak, eta haietan, besteren artean, AHT edota erraustegiak gaurkotasuneko gaiak lantzeko parada izango da, sexu heziketa, sexualitatea eta hezkidetza edota generoa eta teknologia berriak gaiak alboan utzi gabe.
Ekitaldia 9.00etan hasiko da eta egitarauak hiru saio izango ditu. Lehena 9.30ean abiatuko da; 11.00k bitarte iraungo du. Bigarren saioak 11.3oean ekingo dio, eta 13.30ean abiatuko den ekitaldia eginda emango zaio amaiera. Bazkariaren ostean, berriz, hirugarren eta azken txanda hasiko da 14.30etik 18.00ak arte. Egunari bukaera emateko, kalejira eta amaiera ekitaldia izanen dira.
O.L.