GARA > Idatzia > Kultura

Talde nafarren azken uzta ikusgai herrialdera hedatuko den «udaberri kulturalaren» barnean

Gezurra badirudi ere, Nafarroan hamaika antzerki talde amateur daude. Honen isla, egunotan Iruñean egiten ari den Hemengo Antzerki Erakustaldia. Baina hau ez da ukitu nafarra duen ekimen bakarra.

A.E. | DONOSTIA

Ez dira antzerki konpainia profesionalak, baina, hala ere, oholtzaren grina barneratuta dute. Ez dute, bada, talde handi eta ospetsuen izena, baina urtean zehar antzerkia bizirik mantentzen dute. Iruñeko Udalak antolatu eta Nafarroako Antzerki Eskolako antzokian egin ohi den Hemengo Antzerki Erakustaldiaren hamargarren edizioan guztira hamaika talde amateurren lanak ikusi ahal izango dira hilaren bukaera arte. «Betiko» taldeen ondoan -Amadis de Gaula edo Jus La Rotxa kasu-, gazteak baina eskarmentu handikoak -T'Ombligo edo MalasPulgas, esaterako- eta baita hasi berri-berriak ere, Bubulu adibidez, aurkitu ahal izango ditugu, herrialdeko antzerkigintza amateurraren «erakuslehio» jo dezakegun ekimen honetan. Xumea izan arren, interesa sortzen du hirian: Patxi Larreak, Nafarroako Antzerki Eskolako arduradunak, esan duenez, aretoaren %70a bete ohi da emanaldi bakoitzean.

Egun hauetan soma daitekeen «loratze kultural» honen harira, gaur ekingo zaio ekainaren bukaera arte Kultura eta Turismo Arloak urtero antolatzen duen Udaberriko Itzuliari. Herrialdeko 60 herri txikitara hedatzen den egitarauan -200 eta 1.000 biztanle artekoak behar dute izan parte hartzeko-, mota guztietako kultur ekimenak daude: zinema, musika eta baita antzerkia eta dantza ere. Egile gehienak nafarrak dira -haien artean egunotan Nafarroako Antzerki Eskolako jaialdian parte hartzen duten asko-, baina hala ere beste herrialdeetakoak ere ikusi ahal izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo