GARA > Idatzia > Zinema

Belaunaldi berriaren ikuspuntua eta kalitatea, Errenteria Hiria XII. Laburmetrai Lehiaketaren gakoak

Hainbat zinema jaialditan saritu dituzten lanak emango dituzte aurtengo Errenteria Hiria Laburmetrai Lehiaketan. Era berean, Oarsoaldeako zazpi film labur eta nazioartetik etorritako zenbait proiektatuko dituzte.

Amalur ARTOLA | ERRENTERIA

Errenteria Hiria XII. Laburmetrai Lehiaketak 23 partehartzaile izango ditu aurtengoan. Errenteriatik bertatik hasi eta Argentina edota Serbiaraino doa aurkeztu diren filmen jatorria -125 guztira- eta 23 film labur hautatuak izango dira ikusgai, gaur hasi eta igandera bitartean, Errenteria Hiria Kulturunean (Niessen).

Lehiaketan parte hartu ahal izateko eskakizunetako bat egilea 30 urtetik beherakoa izatea da eta, ondorioz, film laburrak belaunaldi berriaren ikuspuntutik sortutakoak direla azaldu dute antolatzaileek.

Gaiei dagokienean, gehienek gizarte gaiak hartu dituzte hizpide -txirotasuna, homosexualitatea, emakumea, bakardadea...- eta drama eta komedia dira gehien jorratu diren generoak. Guztiak, antolatzaileen hitzetan, kalitate maila bikaina erakutsi duten lanak dira eta, horren erakusle, beste zenbait jaialditan jaso dituzten sariak. Adibidez, Carlota Coloradoren «Libra» lanak (Madril) bost sari jaso ditu Italiako zenbait jaialditan eta hiru Estatu espainolean. Mario de la Torre andaluziarraren «Chocolate con churros» laburrak hamar bildu ditu eta hamabina Oriol Puig katalanaren «Zapatos limpios» lanak eta Guillermo Riosen «Nasija»-k (Extremadura).

Urrunagotik ekarriak dira Serbiako Maja Djokic-en «En el bosque», Juan Simmons alemanaren «K» eta Argentinako Mariel Macia («Flores en el parque») eta Lucas Figueroaren («Boletos por favor») film laburrak. Eta Euskal Herritik bertatik, Jose Maria Riveroren «LGi2» eta «Volar», David Gonzalezen «El relevo» eta Alauda Ruiz de Azuaren «Clases particulares» emango dira.

Antolatzaileen hitzetan, «batzuek oraindik saririk jaso ez izanaren arrazoia lehiaketetara aurkezteko denborarik ez dutela izan da, asko berriak baitira, eta guztiak bikainak».

Lehiaketatik kanpo

Antolakuntzak lehiaketatik kanpoko hainbat film labur proiektatzea deliberatu du eta, hartara, igandeko sari banaketaren aurretik Borja Cobeagaren «Éramos pocos» lana (Oscar sarietarako izendapena jaso zuena), Asier Altunaren «Sarean» (Ipar Euskal Herriko arrantzari buruzkoa) eta Madrildik etorritako Juana Maciasen «Frozen Souls» (bizitzari aurre egiteko beldur diren hiru gizonen egunerokotasunaren gainekoa) ikusteko aukera izango da. Azkenik, sari banaketaren ostean film labur onenak berriro ikusteko aukera izango da eta, saio bakoitzaren aurretik, egileen mintzaldiak izango dira.

«Oarsoaldeako Onenari» sarirako, zazpi hautagai

Urtero legez, «Oarsoaldeako Onenari» saria emango dio Errenteriako Udalak eskualdeko lan bikainenari. Izendapen honen azpian zazpi lan kokatu dira, lehenengo laurak -Errenteriako «7 de cada 10» eta «Degenerado regenerado», Pasaiako «Stendhaly» eta Lezoko «Bush Attack»-, txirotasuna, kanpoko itxurari ematen zaion garrantzia, arabiar eta estatubatuarren arteko harremana eta ezberdina denak pairatzen duen bazterketa dituzte mintzagai, hurrenez hurren. Beste hiru lanak -Oiartzungo «Hil ziren» eta Errenteriako «Terror en el monte» eta «Baga, biga, higa...»- bihar emango dira. Hauek espirituen mundua, mendizale talde batek San Markos mendian izandako abentura eta San Juan bezperan bizi ohi den errealitate eta fantasiaren arteko mundua irudikatzen dituzte.

A. A.

Fitxa

Lekua: Errenteria Hiria Kulturunea (Niessen).

Data: Gaurtik igandera, 19.00etan.

Programa: Gaur eta bihar, 23 film labur hautatuak. Igandean, lehiaketatik kanpoko lanen proiekzioa, sari banaketa eta saritutako lanen emanaldia. Saioen aurretik, zuzendarien mintzaldiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo