GARA > Idatzia > Editoriala

Hizkuntza-eskubideak, beti bezala, urratuta

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2006ko txostena aurkeztu zuen atzo. Haren emaitzak, aurreko urteetakoak bezala, ezin esan positiboak direla: hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan eta administrazio guztiek urratzen dituzte. Gainera, eskubide-urraketa hori batzuetan legeak ere urratuta gertatu da, eremu pribatuan bezala publikoan ere bai. «Euskararen telefonoa»ren bidez inoiz baino kexa gehiago, baita zenbait txalotze ere, jaso dituzte. Horrek, ordea, badu alde onik ere, Behatokiak ondorioztatu duenez, gizartea bere hizkuntza-eskubideez kontzientzia hartuz baitoa.

Behatokiaren lanaren emaitzak euskal hiztunek beren lurraldean izan duten errealitatearen isla dira. Isla objektiboa inondik ere, herritarren bizipen errealek osatzen baitute. Lagin batzuk baino ez dira Ipar Euskal Herriko euskarazko hezkuntzaren egoera edo euskararen erabilera bermatzeko eskaerei entzungor egitea, Nafarroako erakundeek legez onartuta dauden eskubide bakanei egunero muzin egitea edo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Administrazioaren eskubide urraketak saihesteko borondate eskasa, Ertzaintzaren eta Osakidetzaren enplegu publikorako eskaintzek erakutsi dutenez. Adierazgarria da, halaber, Estatu espainolarentzat koofizialtasuna komunikazioaren eragozpena izatea. Eta kezkagarria txostenak egiten duen baieztapen bat; hizkuntza-eskubideen urraketak «naturalizatu» egin direla, alegia. Izan ere, horrek azaltzen ditu hainbat euskaldunek bere hizkuntza erabiltzeagatik jasotzen dituzten erantzun txarrak. Beste batzuek, berriz, zigorra jasotzen dute beren hizkuntza-eskubideei eusteagatik.

Gogorarazi eta nabarmendu egin behar da eskubideez ari garela eta, hizkuntzari dagokionez, gizabanakoa eta hizkuntza-komunitatea dira eskubide horien subjektu. Berriz ere sumatzen da herritarrak erakundeen aurretik doazela eskubideen arloan; nolanahi ere, premia bizikoa da administrazioek lehenbailehen neurriak hartzea beraiek hizkuntza-eskubideak errespetatu eta beren administraziopeko guztiei errespetarazteko,

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo