GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSOEren Gobernuak ezker abertzalearen gutxienekoak jaitsi nahi dituela dio Olanok

Juan Mari Olanok «herrialde honetako demokrata guztiei" egin zien dei atzo Iruñean izandako agerraldian, hauteskunde-zerrendak legezta ditzaten sinadura ematera joan daitezen.

Iker IRIARTE |

Juan Mari Olano atzo Iruñean izan zen ezker abertzalearen hauteskunde-zerrendak legezta ditzaten egiten ari den sinadura bilketaren karietara. Bilketa ongi doala eta herri gehienetan legeak eskatzen dituen gutxienekoak gainditu direla jakinarazi zuen, baina ezker abertzaleak harago joan nahi duela adierazi zuen: «Hamarka mila nahi ditugu hauteskunde demokratikoen aldeko aldarrikapen ozen bihur daitezen».

Agerraldian, egoera politikoak sortzen dion «kezkaz» eta «herri honentzako zentralak diren zenbait gai hartzen ari diren norabideaz» ere aritu zen.

Olanok gogorarazi zuen sinadura emateak ez duela ezinbestean esan nahi sinatzailea Abertzale Sozialisten Batasunaren planteamenduekin bat datorrela, baizik eta datorren maiatzeko hauteskundeak demokratikoak izan daitezen egin beharreko zerbait dela. Hori dela-eta, «herri honetako demokrata guztiei» dei egin zien beren herrietako udaletxe eta notariotzetan jarri dituzten mahaietan sinadura ematera joateko. «Ezinezkoa da testuinguru politiko honetan eta beste edozeinetan ere sektore politiko eta sozial bat alboratuta hauteskundeak egitea; hauteskunde antidemokratikoak izango liratekeelako», zehaztu zuen.

«Ezinbestekoa da -jarraitu zuen-, sektore eta sentsibilitate politiko guztiak hauteskundeetara aurkez daitezen eta herrialde honetako gizon eta emakumeek aukera onena dela deritzotenari boza eman diezaioten, herritarren boza baita azken finean bakoitza dagokion lekuan jartzen duena, eta ez Madrileko epaitegiek».

Horrez gainera, sinadurak «gain balioa» ere baduela azaldu zuen, bake prozesua «desblokatzeko eta prozesu demokratikoa aurrera eraman ahal izateko herritarren bultzada» islatzen baitu sinadura bilketak.

Haren hitzetan, «ezinbestekoa» da, gainera.

Arrazoi eta erabilera politikoak

Beste alde batetik, Olanok adierazi zuen atzo goizean bertan Bilboko Auzitegi Gorenean deklaratu behar izan zutela Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak eta Olatz Dañobeitiak Batasunaren aldetik, eta Patxi Lopezek eta Rodolfo Aresek PSEren aldetik; elkarrekin egin zuten bilera bat dela-eta. Askatasuneko eledunaren hitzetan, PSE alderdiak «prozesuan aurrera jarraitu ahal izateko alderdi bat legeztatzeko» eskatu zien bilera hartan Batasuneko kideei.

Ezker abertzaleak pauso hori emana duela baieztatu zuen Olanok jarraian: «Guztiz antidemokratikoa izan arren, Alderdien Legeak ezarritakoa zehatz- mehatz betetzen du ezker abertzalearen alderdi berriak». Hala ere, salatu zuen legez kanporatzea «ia aurrez ikusita» dagoela, «norabide horretan» egiten ari direlako urrats guztiak.

Horrek, haren esanetan, gauza bat uzten du argi: «Arazoa ez da lege edo estatutu kontua, baizik eta Zapateroren Gobernua eta alderdi sozialista arrazoi politikoengatik eta erabilera politikorako, ezker abertzaleari presioa egiten ari zaizkiola». Horren helburua, Olanok adierazi zuenaren arabera, argia da: «Gatazkaren konponbideari begira ezker abertzaleak planteatzen dituen gutxiengoak jaitsiaraztea». Honen karira, gaineratu zuen saiakera horrek ere ondorio kaltegarriak izango lituzkeela: «Ez luke gatazkarik konponduko».

lokarri

Ekimen horretako hainbat kidek hautes-zerrenden aldeko sinadura eman zuten atzo; «aniztasunaren, berdintasun demokratikoaren eta oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko» ekintzatzat jo zuten.

alderdi politikoak

Olanoren arabera, alderdi politikoek, interes propioak babestuta, egoera oso arriskutsuak sortzen dituzte, eta herritarrek eraiki ahal izan duten aukera eder hau alferrik galtzeko arrisku bizia sortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo