GARA > Idatzia > Euskal Herria

Transgenikoen kontrako kolektiboak Lur Berriko okupazioa bukatu zuen atzo

Zazpi eguneko okupazioaren ondoren, OGMren kontrako kolektiboak Lur Berri kooperatibaren luzamendu bat lortu zuen hazi transgenikoak saltzeko. Royal eta Bayrou hautagaiak luzamenduaren alde agertu dira.

Idoia ERASO |

Joan den ostiralean hasi okupazioa atzo eguerdian bukatu zen Aiziritzeko Lur Berri kooperatiban. Zuzendaritzaren konpromiso idatzia lortu eta gero, kooperatibaren egoitzan egin zuten batzar orokorraren gehiengoak egoitza uztea bozkatu zuen. Lur Berri kooperatibak hauteskundeen bigarren bueltako biharramuna arte, hau da, maiatzaren 7a arte, transgenikorik ez duela salduko eta genetikoki modifikatu haziak eskatu laborariekin kontraturik ez dutela sinatuko hitzartu du OGMren kontrako kolektiboarekin.

Okupazioa hasi zenean bi helburu finkatu zituen kolektiboak, Lur Berriren aldetik OGMren landaketaren luzamendua lortzea eta Estatu frantsesaren aldetik beste hainbeste. Lehen helburua lortu ondoren Estatu frantseseko presidentetzarako bi hautagai nagusiekin elkartu ziren atzo Euskal Herriko kolektiboko ordezkariak.

Presidentetzarako hautagaiak

Alderdi Sozialistako hautagai Segolene Royalen hauteskundetarako nekazaritza eta ingurumen arduradunarekin elkartu ziren atzo Tolosan kolektiboko kideak. Royalek prentsa komunikatu batean ondorengoa adierazi zuen: «Hautatua baldin banaiz ahalik eta lasterren OGMren gaineko luzamendu bat ezarriko dut eztabaida publiko bat lasaiki eraman ahal izateko».

UDFko François Bayrouk atzo OGMren aferean «luzemendu» aren alde agertu zen berriz eta, aldi berean, «eztabaida zientifiko» bat egitea ere defendatu zuen. Presidentetzarako hautagaiak adierazi zuen: «Eztabaida demokratiko eta zientifikoa nahi dut OGMren inguruan eta orientazio europearrak ere bai».

Azken egunotan itxialdiarekin bat egiten zuten sostenguak alde eta alderdi guztietatik ailegatu dira. OGMren kontrako kanpainarekin bat eginez kolektiboak eskatu agiria sinatu duten auzapezen kopuruak egunero egiten du gora. Azken datuen arabera, Ipar Euskal Herriko 61 auzapezek sinatu dute.

Politikarien sostengu horiek direla-eta Lur Berri kooperatibako presidente Sauveur Urrutiaguerrek adierazi zuen «ez dut onartzen ahal, ulertzen dut politikariek onartzea zergatik egina izan den, baina moldea kondenatzen ahal zuten». Presidentetzarako hautagaientzako hitz bereziak izan zituen Urrutiaguerrek: «Ez da onargarria presidente izanen den pertsona batek arrasdura hori pausatzea, Dominique Voyneti esan nion okupazioa sostengatzera etorri zenean».

Lur Berrik ekintzekin aurrera jarraitzea erabaki du. Jarraipena erabakitzeko batzarra antolatu dute heldu den astelehenean Heletan 20:30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo