ARRAUNA
Hogei ontzi lehiatuko dira bihar Orioko XIII. Nazioarteko Estropadetan
A.A. | DONOSTIA
Bihar, 18.30ean, Orioko XIII. Nazioarteko Estropadak jokatuko dituzte Gipuzkoako herrian. Lehiaketa bi maila ezberdinetan jokatuko da, eta guztira hogei ontzi uretaratuko dira historia luzea duen proba horretan parte hartze aldera.
Zortzikoetan hamabi ontzik hartuko dute parte, denak gizonezkoak: Orioko bi ontzi, Hondarribiko beste bi eta Santurtzi (Euskal Herria); Bartzelonako Unibertsitatea, Amposta eta Tortosa (Katalunia); Labradores eta Mediterraneo (Andaluzia); Bordeaux (Estatu frantsesa); eta Molesey (Ingalaterra).
Laukoetan, berriz, zortzi ontzik hartuko dute irteera, denak emakumezkoak: Hondarribia, Santurtzi eta Algorta (Euskal Herria); Mediterraneo eta Labradores (Andaluzia), Bartzelonako Unibertsitatea (Katalunia); Viana (Portugal); eta Molesey (Ingalaterra).
Estropadaz gain, Orion izango da zer ikusi eta zer ikasi. Ostiral arratsaldean elkarteen gestioaz hitz egingo dute Koldo Irurtzun, Patxi Mutiloa eta Miguel Santosek kultur etxean; larunbat goizean, berriz, jarduera fisikoaz arituko dira Iñigo Mujika, Benjamin Fernandez-Garcia eta Joak Jurimae estoniarra.
Berrargitalpena salgai
Bestetik, Manu Etxeberriak 2005ean kaleratutako «Oriotarren iraultza (1965-1975)» liburuaren berrargitalpena salgai egongo da Orioko Arraun Elkarteak larunbatean jarriko duen karpan.