GARA > Idatzia > Kultura

Tabucchiren beste bi liburu, Literatura Unibertsala bilduman

Fernando Reyk euskaratuta, Antonio Tabucchi idazle italiarraren «Porto Pimeko dama" eta «Oker ttiki garrantzigabeak" kontakizun liburuak plazaratu dituzte. Literatura Unibertsala bildumako azken bi lanak dira.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Alberdaniak eta Elkarrek, Gasteizko Gobernuaren eta EIZIE itzultzaile elkartearen laguntzaz, argitaratu berri dituzte Antonio Tabucchiren (Pisa, 1943) «Porto Pimeko dama» eta «Oker ttiki garrantzigabeak» kontakizun liburuak. Literatura Unibertsala delako bildumako 126. eta 127. lanak dira; plazaraturako azkenak, alegia. Biak ala biak Fernando Reyk (Iruñea, 1961) euskaratu ditu, eta atzo Donostian egin zuen aurkezpena.

Bertan azaldu zuenez, «Oker ttiki garrantzigabeak» ez da Tabucchiren liburu ospetsuenetakoa, bai ordea «kontakizun sail ederra». Elkarregandik urrun dauden egoerak deskribatzen dira bertan: Toskana sekretu eta sorgindua; kostaldeko geltoki bat; garai bateko auto klasikoen rally bat, Miarritzetik Donostiaraino iristen dena; Bombaytik Madrasera doan tren baten dotorezia... Itzultzaileak nabarmendu zuenez, kontakizun horiek «ironikoak eta zentzu- gabeak dirudite lehenbiziko ira- kurrian, baina jorratutako gaiaren inguruko gogoetak ezkutatzen dituzte eta ezinegona sortzen dute», erantsi zuen gero.

Hasiera eta bukaera bitxiko istorioak dira, bere esanetan, «giro lanbrotsua sortzen dutenak eta sentsazio eta iradokizun irekiak uzten dizkiote irakurleari». Orohar, Tabucchik pertsonaia xelebreak eskaintzen ditu liburuan, «bizitza okerreko pertsonak». Erantzunik bilatzen ez duen ikerlari baten azterlanak dira. Ez baitu bilatzen «erantzunik, baizik eta mezu bat, seinale bat, argi bat igortzea», nabarmendu zuen.

Bidaia, itsasoan eta denboran

«Porto Pimeko dama», aldiz, Azoreetako uhartedian kokatutako istorio eta kontakizun batzuek osatzen dute. Baleak, eta baleen bizitza eta ehiza, hondoratzeak, Azoreetako arrantzaleak eta arrantzaleen bizitzeko eta maitzatzeko modua dira gai nagusiak. Itzultzaileak hauxe azaldu zuen: «Bidaia-liburu antzeko zerbait da, Tabucchik Azoreetan egindako egonaldi baten fruitu, baina, idazleak berak aitortzen digunez, ez da bidaia-egunkari ohikoa. Bidaia-liburutik zer duen eta zer ez duen jakiteko, hobe du irakurleak idazlearen beraren hitzaurrea irakurri».

Bere aburuz, «sosegua eta bakea ematen duten deskribapenek giro berezia ematen diote liburuari. Egun ia desagertuta dauden errealitate batzuk erakusten ditu, eta horregatik bidaia itsasoan barnakoa ez ezik denboran barnakoa ere bada».

Itzulpen prozesuari dagokionez, Reyk azaldu zuen gustora aritu dela. Denbora aldetik ez du zailtasunik izan, 2004an ekin baitzion lanari. Gainera, «ofizioko adiskide onak izan ditut -esan zuen-, zalantzak argitzeko eta testuak zuzentzeko».

Liburuen autoreari buruz, berriz, gogorarazi zuen Tabucchi egungo idazle italiar ezagunena dela ziur aski: «Europako literaturaren ahots adierazgarrienetako bat da dudarik gabe, oso ezaguna bere obragatik -sari asko irabazi ditu-, baita demokraziaren eta askatasunen defentsan hartutako jarreragatik ere».

Fernanso Pessoaren aditu, kritikari eta itzultzaile italiar «onena» dela ere aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo