GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hauteskundeetan emakumea protagonista izateko eskatu du Bilgune Feministak

Zerrenda parekideak izateko edo gaitasun politikoengatik hautatzeko eskatu die alderdiei, beste eskakizun batzuen artean, Bilgune Feministak. Kanpainaren azterketa egingo du geroago talde honek.

K.P. |

«Ikusten ez dena ez da existitzen» leloa aplikatuta, eta emakumeok biztanleriaren erdia baino gehiago izanik, emakumeak «ezin dugu alderdien kanpainetatik at egon», esan du Bilgune Feministak. Aurretik alderdiekin kontaktuak izan dituztela eta geroago, kanpainaren azterketa egingo dutela esan zuten atzo Izaskun Guarrotxena eta Hegoa Ugaldek.

Atzo eskeinitako prentsaurrekoan, Euskal Herrian diharduten alderdi politiko nagusiei eskaera konkretuak egin dizkietela esan zuten Bilgune Feministako ordezkariek, besteren artean, zerrenda parekideak izatea, emakumeok sexuagatik izan beharrean, haien gaitasun politikoengatik hautatzea edota sexu desberdintasunekin amaitzeko politika errealak bideratzea.

Horrez gain, Bilgune Feministak eskatu du emakume kontseiluen bidez herritar emakumeen parte-hartzea eta erabakitzeko ahalmena sustatzeko, «mugimendu feministaren lan eremua oztopatu gabe»; politika horiek bideratzeko diru poltsa espezifikoak sortu eta aurrekontuetan genero aldagaia integratzeko; edota ekimen publiko eta ekitaldi guztietan parte-hartze parekidea eta emakumeontzako mezuak zuzentzeko.

Estereotipoak, alde batera

Estereotipo edota balore sexistak barneratzen dituzten mezu eta irudiak baztertzea eta kanpainan emakumeon presentzia ziurtatzeko eskatu diete alderdiei ere bai. Horrez gain, Guarrotxena eta Ugaldek esandakoaren arabera, «emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitzeko epe luzerako laguntzak bideratzea eta prebentziorako neurriak aztertu eta garatzeko udal-politiketan» eskatu dute.

Puntu horietan oinarritu dira Bilgune Feministako kideek hauteskundeen inguruko azterketa egiteko orduan. Hori dela-eta, «eskualde buruak eta herri programa orokorrak oinarri hartuta, emakumeen parte-hartze politikoa eta alderdi bakoitzak aldagai hori erreala izatean jartzen duen indarra neurtu nahi ditugu», azaldu zuten.

Bestetik, «politika feminista integral eta eraginkorra sustatzeko gure proposamena berdintasun planak osatu eta emakumeak udal bizitzaren parte aktibo bilakatzea da. Emakume kontseiluek, haien beharrak bertatik bertara ezagutu, aztertu eta planen bide egokia aztertzeko aukera eskaintzen dute, baina, marko horiek ezin dute herrietako mugimendu feminista ordezkatu», gaineratu dute Bilgune Feministako ordezkariek.

ezin dute «at egon"

«Emakumeak ezin dugu alderdien kanpainetatik at egon» esan dute Bilgune Feministako ordezkariek. Aurretik kontaktuak izan dira eta geroago kanpainaren azterketa egingo dutela esan dute emakumeek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo