GARA > Idatzia > Euskal Herria

Olaia Kastresanaren ahizpa lanpostutik kaleratzea egotzi diote Lakuako Barne Sailari

Gari MUJIKA |

Gasteizko Gobernuko Barne Sailak bi salaketari egin beharko die aurre, zendutako Olaia Kastresana ETAko militantearen ahizpa, «arrazoi ideologikoengatik» lanpostutik kaleratzeagatik. Izan ere, Barne Sailarentzat, azpikontrataturiko enpresa baten bidez egiten baitzuen lan, eta kaleratzeko arrazoia «Gobernuaren aginduak» zirela onartu baitzion enpresak berak Kastresanari.

LAB sindikatuak deituta, hamarka lagun elkarretaratu ziren atzo goizean Gasteizko Gobernuak Donostian duen egoitzaren aurrean «`apartheid' politikoa, lanean ere ez» lelopean, Haizea Kastresana kaleratu dutela salatzeko. Are gehiago, Kastresanak berak egin bezala, LABek ere salaketa judiziala ezarriko duela jakinarazi zuten.

Haizea Kastresanak GARAri azaldutakoaren arabera, joan den abenduan hasi zen lanean Trafiko Sailak Donostian dituen bulegoetan. «Ingenieria, Estudios y Proyectos NIP S.A.» enpresarentzat ari zen lanean Kastresana, eta Lakuako Barne Sailak informazio sistemetan datuen bilketa eta eguneraketaren zerbitzua esleitu zion enpresa horri. Abenduan hiru bider egin zioten lan-kontratua; urtarrilean, berriz, sei hilabetekoa. «Otsailean Bilboko nagusiaren deia jaso nuen, eta bertara joan nintzenean, `proba epealdia gainditu ez izanagatik' kaleratuko nindutela esan zidan», azaldu du Kastresanak.

«Gobernuaren erabakia»

«Hori ez nuela sinesten eta arrazoiak emateko eskatu nion. Arrazoirik ez zituela esan zidan, eta nik nagusiren batekin hitz egin nahi nuela erantzun nion. Telefonoz hitz egin nuen eta horrek ere arrazoirik ez zuela esan zidan. Azkenean, tiraka-tiraka, Gobernutik iritsi zitzaion agindu bat zela esan zidan», azaldu du. Une horretantxe, gainera, soldata hobea zuen beste lanpostu bat eskaini zioten, baina ikusitakoak ikusita, uko egin zion.

Gertatutakoagatik «amorrua» sentitzen duela dio Haizea Kastresanak, eta egoera konpondu artean aurrera jarraituko duela. Datorren maiatzaren 23an izango da Kastresanak jarritako helegitea aztertuko duen epaiketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo