GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

BEhatokiaren hizkuntza eskubideen egoeraren txostena

«Lurralde orotan eta administrazio guztien aldetik izan dira urraketak»

Sei urtean 4.374 dei jaso ditu Behatokiak; iaz bakarrik, 1099. Kasurik gehienean administrazioarekin edota eremu pribatuan hizkuntza eskubidea errespetatu ez zaiela esateko. Horiek guztiak jaso eta osatu dute beste behin Hizkuntza-eskubideen egoeraren txostena. Sistematikoki urratzen dira euskaldunen eskubideak eta maiz gainera erantzun zakarren bitartez. Alde positiboak aipatzean herritarren kontzientzia mailaren igoera nabarmendu dute.

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

«O en español, o no entras». Euren hizkuntza eskubidea errespetatua izan eta euskaraz mintzatu nahi duten hiztunek gisa honetako erantzun bortitzak jasotzen dituztela salatu zuen atzo Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, urtero egin ohi duen txostena aurkezteko egindako agerraldian.

«Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2006an» lanak iazko urtean telefono bidez (902194332/0559594948) edota e-mailez (www. euskararentelefonoa.com) jasotako kexu eta txalotzeak batzen ditu. 2006ari dagokionez, 1.099 espediente sortu dira, eta orain sei urte sortu zenetik orotara 4.374.

Behatokiko lehendakariak, Xabier Mendigurenek, erakundeak egindako lanak herritarren bizipenak jaso dituela eta egoeraren erakusgarri baino ez duela izan nahi adierazi zuen lehenik eta behin. «Hau izozmendiaren punta baino ez da; seguraski egoera okerragoa da eta atzean errealitate gordinago bat dago».

Lanaren ondorioak, ordea, nahiko «larriak» dira, seigarren urtez, txostenak ondorioztatzen baitu euskaldunen hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan urratzen direla, eta administrazio guzti-guztiek egiten dutela maila batean edo bestean.

Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak, aditzera eman zuenez, «begibistan geratu da hizkuntza-eskubideen urraketa naturalizatu egiten dela», eta, ildo honetan, kezkagarri jo zuen urraketa horiek urterik urte mantentzea. «Kezkagarria ez ezik harrigarria bada horren aurrean neurriak hartu ez izana» salatu zuen Bilbaok, oinarrizko eskubideen bermerako mekanismorik ez dela jarri esatearekin batera.

Behatokiaren zuzendariaren esanetan, gainera, zenbait alorretan aurrera egin beharrean atzerapausoak eman dira. «Aurten gogoratu behar dugu herritar bati sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zaiola epaiketa batean euskaraz eta interpreterik gabe testigu gisa deklaratu nahi izateagatik. Hori atzerapauso larria izan da hizkuntza eskubideei dagokienez», salatu zuen. Era berean, epai horrek jurisprudentzia sortzen duela eta, beraz, euskaraz testigantza eman nahi duten pertsonen babesa murrizten duela irizten diote.

Bilbaok, halaber, euskara gutxiesten duten pertsonek hori ez egiteko neurririk ez dela hartzen kritikatu zuen. «Kartzela zigorra euskaraz egin nahi duenari, baina `En español o no entras' edo `Has pedido médico euskaldun y como no hay te quedas sin cita para el médico' esaten duen langilearen aurrean ez da inolako neurririk hartzen», salatu zuen.

Hori horrela, administrazioei neurriak eskatu zizkieten tankera horretako erantzunak saihesteko: «ezin delako onartu langile batek halako erantzuna ematea herritar bati hizkuntza eskubidea baliatu nahi izateagatik».

Hala, Behatokiak ez du besoak gurutzatuta geratzeko asmorik eta zer nolako neurriak har daitezkeen aztertzen ari da. «Hemendik aurrera herritarrekin batera adostuko ditugu zer nolako bideak har daitezkeen halako jarrera zakarrak dituzten langileekin. Gauza bat da hizkuntza-eskubidea urratzea eta bestea herritarrei horrelako erantzunak ematea».

Eremu administratibo ezberdinei dagokionez, EAEn Justizia arloa, Ertzaintza eta Osakidetza izan dira 2006an urtean «puntu beltzak». Azken bi kasuetan gainera, lan eskaintza publiko izan dela nabarmendu eta biek ala biek hizkuntza eskubideen urraketak ahalbideratuko dituztela salatu zuten Behatokiko ordezkariek. «Beste behin ez da hartu beharrezko mekanismo eraginkorrik egoerak eskatzen duenari erantzuteko».

Nafarroako Administrazioa gaztelaniaz soilik baliatzen dela ere nabarmendu zuen Behatokiko zuzendariak. «Ez dio erreparatzen ezta lege murritza ezartzen duen zonifikazioari ere. Berdin dio herritarra nongoa izan, zuzenean gazteleraz bidaltzen ditu jakinarazpen guztiak».

«Besteak bai, euskara ez»

Horretaz gain, Behatokiaren iritziz, Nafarroako Gobernuak urrats berri bat eman du diskriminazioari dagokionez. «Langile euskaldunekiko bereizkeri jarri du abian, langile euskaldunei hainbat eskubide murriztu nahi izan dizkio, jakinik epaileek halako jarreren aurkako epaia atera zutela».

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionean, beste behin ere, euskararen erabilera bermatzeko eskaerei muzin egin zaiela adierazi zuen Bilbaok. «Adibiderik garbiena SNCF -Société Nationale des Chemins de Fer- erakundearen jarrera dugu Baionako tren geltoki berrian. Hainbat eskaera egin ziren herritarren hizkuntza eskubidea kontuan hartzeko euskararen erabilera kontuan hartzeko eta, beste behin, SNCF enpresak muzin egin die eskaerei eta euskara ez, baina ez dute arazorik izan beste hizkuntza batzuk erabiltzeko». Hiru herrialde hauei dagokienean ere, murgiltze bidezko irakaskuntzari oztopoak jarri zaizkiola ere gaineratu nahi izan zuten.

Gogortasunez kritikatu zuen, halaber, Estatu espainoleko Administrazioaren jarrera, euskaraz idatzitako dokumentuak onartu nahi ez dituelako. «Are larriagoa da kexa bati erantzunez, Estatuko administrazioak agertutakoa. Hain zuzen ere, bi hizkuntza ofizialak erabiltzea komunikazio argia oztopatzen duela adierazi zuen. Dirudienez, koofizialtasuna komunikazio argia oztopatzen du. Ondorioz, euskarak komunikazio argia oztopatzen du», kritikatu zuen eta egungo ordenamendu juridikoaren aurkakoa dela ere nabamendu zuen.

Eremu publikoan ez ezik, eremu pribatuan hizkuntza eskubidea urratu delako hainbat kexu jaso ditu Behatokiak, %46 hain justu ere alor horri baitagokio. Kasurik gehienean interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresei zuzendu zaizkie herritarren kexuak, Behatokiaren esanetan, baina esanguratsuak izan dira, halaber, publizitatearen gainean herritarren agertutako kexuak ere. Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen eskubideak, neurri handi batean, enpresek edota zerbitzu-emaileek euskararekiko duen borondateak zehazten duela ere nabarmendu zuten.

Ondorio kaltegarri anitz badira ere, 2006ko txostenean hainbat datu positibo ere jasotzen dira. Alde batetik, zenbait administrazioaren jarrera harkorragoa nabermendu nahi izan zuten. «Aurreko urteekin alderatuz gero, Behatokiak helarazitako kexei modu positiboagoan erantzun dieten erakundeen kopuruak nabarmenki egin du gora», azaldu zuen, aurrera begira jarrera hori neurri eraginkor bihurtzea ezinbestekoa dela esatearekin batera.

Dei kopuruak nabarmen gora

Herritarren jarrera hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean gero eta aktiboagoa dela ere nabarmendu zuen Behatokikoak. Horren isla dira, iazko urtean Behatokiak kudeatu dituen espedienteak, erakundea martxan jarri zenez, geroztik kopururik handiena, hain justu %34,7 igo baita dei kopurua. Kasurik gehienean kexuak direla-eta zuzendu dira herritar gehienak, 973 hain justu ere. Horietatik %54ak instituzio publikoen aurkakoak izan dira eta %46ak berriz, erakunde pribatuei zuzendu direnak.

Herrialdez herriade, nafarrak eta gipuzkoarrak izan dira euskararen telefonora gehien dei egin dutenak.

Hala eta guztiz ere, Behatokiko kudeatzaile Arantza Aranburuk argitu nahi izan zuen, azterketa kuantitatiboei ezin dietela erreparatu, eta ezin dela pentsatu deitzen duen gehiengoa bertakoa delako Nafarroan eta Gipuzkoan dagoela hizkuntza-eskubidearen zapalkuntza bortitzena. Izan ere, «badira beste faktore batzuk, besteren artean, herritarren euskararekiko duten atxikimendua», azaldu zuen.

Txostena amaituta bilera deiak egingo dizkiete, besteren artean, sailburuei, arartekoei eta legebiltzarretako presidenteei, egindako lana sozializatze aldera. «Guri behaketa dagokigu, hizkuntza eskubideen bermea administrazioei dagokie».

Administrazioak

Behatokiak nabarmendu du administrazioak direla herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar dituztenak. Hori horrela, beste behin neurri eraginkorrak hartzeko eskatu zien.

adibideak

adibideak

Ogasunak Errotaberrin duen egoitzara joan zen. Bulegoko lehiatilan zegoen langileari euskaraz egin zion, eta hark gaztelaniaz egiteko esan zion. Herritarrak euskaraz hitz egin nahi zuela esatean, 1. solairura joateko esan zion. Bertara joateko zaintzaile baten baimena behar izan zuen. Herritarra euskaraz mintzatu zitzaion eta zaintzaileak karneta gaztelaniaz eskatu eta zera esan zion: «Usted me ha entendido y no hace falta más»

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Eibarko Euskotrenek geltokiko leihatilan zegoen langileari euskaraz zuzendu zitzaion herritarra. Langileak «Aquí se habla en español» oihu egin zion modu zakarrean

LAKUAKO GARRAIO SAILA

Herritarra Solokoetxeko osasun-etxera joan zen errezeta batzuk jaso eta medikuarentzako ordua hartzera. Arratsaldeko zazpiak edo zazpi eta erdiak izango ziren eta, berarengana zuzendu eta «arratsalde on, euskaraz badakizu?» galdetu zion. Hona hemen langileak herritarrari eman zion erantzuna: «Pues mira, a estas horas ya no, ya estoy muy cansada para andar pensando en euskara».

OSAKIDETZA

Herritarrak Galdakaoko udaletxeko zentralitara deitu zuen eta langile batek erantzun zion gaztelaniaz: «Galdácano, buenos días». Herritarrak euskaraz galdetu zion, baina ez zion ezer erantzun eta deia moztu zitzaion. Berriz ere deitu eta «Galdácano, buenos días» esan zioten. Herritarrak zera galdetu zion langileari: «Hola, ¿es que sólo atienden en castellano?». Langilearen erantzuna: «Yo sí», besterik gabe.

GALDAKAOKO UDALAK

Bolueta-Sagarminaga osasun-etxera deitu zuen herritarrak medikuarekin hitzordua hartzeko. Euskaraz hitz egiten hasi zelarik, honako erantzun hau jaso zuen: «En castellano que no entiendo y si no llama más tarde».

OSAKIDETZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo