GARA > Idatzia > Ekonomia

Emaitza «historikoak» izan ostean, zabaltzen jarraituko du Lagun Arok

2006ko ekitaldia «emaitza historikoak" izanda itxi ondoren, aurtengo lehenengo hiruhilekoan fakturatze aurreikuspenak gainditu dituzte. «Aukera onak" ikusten dituztenez, aurten, 25 urte betetzen dituenean, emaitzak hobetzea espero dute, baita Euskal Herritik kanpo enpresak duen zabaltze prozesuari eustea ere, Leonera, Kantabriara, Madrilera eta Asturiasera zabalduko baitute negozioa. Egun, ia 320.000 bezero ditu, eta 450.000 aseguru-poliza.

Nerea GOTI |

Lagun Arok, MCC taldeko aseguru-etxeak, «aurreikuspen guztiak gaindituta» hasi du urtea; 25. urteurrena betetzen duen urtea, hain zuzen. Modu horretan laburbildu zuten konpainiako arduradunek aurreko ekitaldian izan dituzten «emaitza historikoak». Izan ere, ekitaldia primetan 162,51 milioi euroko fakturatzea izanda itxi zutela azaldu zuten, eta aurreko urteko emaitzekin alderatuta, %2,09 emendatu da. Arduradunek zehaztu zutenez, zerga aurreko mozkina 23,67 milioi eurokoa izan zen; hau da, %15,09 hazi zen konpainia.

Zilarrezko ezkontzak ospatzen dituen ekitaldi honetan, 159 milioi euro fakturatzera heltzeko aukera ikusten dute, baita zerga aurreko mozkina 23,2 milioi eurokoa izateko.

Datuok Julio Gallastegi presidenteak eta Pablo Mongelos zuzendari nagusiak eman zituzten atzo, Bilbon. Estatu espainolean lortutako 320.000 bezeroak nabarmendu zituzten, egun dituzten 450.000 polizekin eta lortutako 20,35 milioi euroko irabazi gordinarekin batera.

Seguros Lagun Aro SA eta Seguros Lagun Aro Vida SA sozietateez osatuta dagoen enpresa «merkatuaren gainetik» hazi dela nabarmendu zuten. Era berean, plan estrategikoan ezarritako aurreikuspenak gainditu dituztela aipatu zuten enpresa arduradunek.

Alde horretatik, lehengo sozietateak izan dituen emaitzak «bikainak» izan direla esan zuten, eta sektorean izandako hazkuntzaren gainekoak izan direla argitu. Besteren artean, etxeetako aseguruen atalean Lagun Aro %15,1 emendatu zen; sektoreko hazkuntza, aldiz, %11,1ekoa izan zen. Autoen aseguruetan %5,1 hazi zen enpresa; orokorrean berriz, %2,7 emendatu zen.

Emaitza onak hazkunde ekonomikoarekin lotzen dituzte, baita autoen merkatuaren eboluzioarekin eta eraikuntza eta negozio berriak sortzearekin.

«Inbertitzaileen ikuspuntutik, errentagarritasun ezin hobea lortu du akziodunentzat», nabarmendu zuten. Bereziki bizitza aseguruek funts berekietan lortutako errentabilitatea aipatu zuten, %16koa izan zelako, eta %59koa gainerakoetan.

Presidenteak, bestalde, lanpostuen atala %8 hazi zela nabarmendu zuen, eta zehaztu zuenez, «ordainsari lehiakorrak» eta «mailaz igotzeko benetako aukerak dituzten behin betiko kontratuak» dira. Guztira, Lagun Arok egun 345 langile dituela esan zuen, eta 561 bulego, zuzeneko sareko sukurtsalak, bitartekariak era Euskadiko Kutxako bulegoak kontuan izanik.

Aurreikuspenen atalean, Hego Euskal Herrian hazten jarraituko dutela esan zuten, Estatu espainolean zabaltzeari utzi gabe. Sare zuzeneko bulego bi irekiko ditu Leonen eta Kantabrian, eta negozioa Asturiasera eta Madrilera ere zabaltzea espero dute, Euskadiko Kutxaren bulego berrien bitartez. Automobilaren adarrari lehentasuna emango diotela jakinarazi zuten, baina «ahaleginak» produktu estrategikoetan egingo dituztela argitu zuten.

BASKET eta Junkera

Urteurrena ospatzeko, Lagun Arok ekitaldi bi egingo dituela esan du: domekan jokatuko den Lagun Aro Bilbao Basket eta Bartzelonaren arteko saskibaloi partida eta Kepa Junkeraren kontzertua, astelehenean.

Salud y Baja Diaria, entre los productos estratégicos de la compañía

Responsables de Lagun Aro desgranaron algunos de los objetivos de cara al presente ejercicio, entre los que destacaron los «productos intermediados» de Salud y Baja Diaria, que tildaron de «estratégicos» y para los que prevén crecimientos del 30% y del 93% respectivamente. Desde el punto de vista comercial, el ramo del automóvil es en el que «concentrarán los esfuerzos de la compañía», ya que pese a la fuerte competitividad existente, prevé un crecimiento del 6,2% en la facturación y del 10% en pólizas. N.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo