GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatikan ingeniaria

Kanon digitala Bilbon

Pasa den astean Bilboko epaile batek CDen gaineko kanon digitala konstituzionaltzat jo zuen Espainiako legediaren barruan. Bigarren merkataritza-arloko epaitegian gertatu zen. Erabaki honen ondorioz, herritar baten demanda atzera bota zuen epaileak.

Demandan, CD bat erosterakoan aplikatutako kanon digitalaren gainsaria itzultzea eskatzen zuen, 0,42 zentimo, hain zuzen. Kasu honetan gainera [gehiago ere egon baitira], herritar honek CD hori berak hasitako epaiketa honexen ikustaldi judizialaren kopia digitala gordetzeko erabili zuen. Eta berak zioenez, arrazoi honek berak gainsaria itzultzea justifikatzen zuen, gorde behar zituen datuak ez baitira Jabetza Intelektualaren Legeak babesten dituen egile eskubideen baitan biltzen. Ez zuen diru itzulketa soila exijitzen: herritar honen demandak CDen gaineko kanon digitala auzitan jarri eta salatzea zuen xede.

Espainiako legediaren barruan definitutako kanon digitalak Espainiako Autore eta Editoreen Elkarte Nagusiak kobratzen duen diru kopurua arautzen du: zerga bat da. CD eta DVDen gaineko kanon digitalak, diotenez, kopia digital pribatuak saihestea du oinarri. CD batek biltegiratze digitalerako aukerak ematen dituenez, eta, ustez, egile eskubideak babeste aldera, CDaren berezko prezioari zerga bat aplikatzen zaio. Berdin dio zer gorde nahi dugun CDan: izan gure laneko dokumentuak edo izan azken bidaiako argazkiak. CDen gaineko kanon digitalarekin dendan erositako Anari-ren diskoa ere ezingo dugu doan kopiatu. Kopia digitalak egiteko gailu aproposak izatea nahikoa da zerga aurpegia duen zigorra pairatzeko. Epailearen hitzetan, kontu garrantzitsuena ez da eskuratutako CDen erabilera asmoa, CDa bera kopiak egiteko erabil daitekeen euskarria izate hutsa baizik. Batetik, errugabetasun-presuntzioa falta da. Bestetik, kopia pribatuak egiteko eskubidea.

Baina kanon digitalaren definizioak aldaketak jasan ditu, eta ez da izan gozoagoa bihurtzeko. Jabetza Pribatuaren Lege berria 2006ko uztailaren 29an sartu zen indarrean Espainiako legedian. Lege berri honen arabera, datuak gorde edo artxiboak erreproduzitzeko gaitasuna duen edozen euskarriri aplikatuko zaio kanon digitala. Alegia, CD eta DVD garbiez gain, MP3 erreproduzitzaileek, telefono mugikorrek, USB irakurgailu eta abarrek ere gainsaria izango dute. Kasu honetan ere berdin dio USB irakurgailua laneko dokumentuetarako erabiltzea edo MP3 erreproduzitzailean dendan erositako Anariren diskoko kantuak MP3 formatuan gordetzeko erabiltzea. Ez da benetako asmoa kontuan hartzen dutena, kopiatzeko gaitasuna duen edozein aparatuk zerga izango baitu. Hau, CD eta DVDen kasuan ez bezala, ez dugu kontsumitzaileok ordainduko, fabrikatzaileek baizik. Baina kuriosoa izaten jarraitzen du: gainsari gehien ordainduko dituztenak informazioa gordetzeko leku gehien behar dutenak izango dira.

Garestitze kopurua edo kanon digital berriaren zenbatekoa, ordea, zehazteke dago oraindik. Baina era batean edo bestean, badu abantaila txiki bat Espainiako Jabetza Intelektualaren Lege berriak: garestitze horren inguruko erabakiak hartzeko negozioazio sistema. Lege berria indarrean sartu zenean, zerga zeri aplikatu eta kasu bakoitzean izango duen gainsariaren finkatzea Espainiako Autore eta Editoreen Elkarte Nagusia [SGAE, www.sgae.es]eta Espainiako ASIMELEC [www.asimelec.es] enpresa elkartearen ardurapean gelditu zen. Lau hilabeteko eztabaida luzeen ondoren, eta alde guztien interesak kontuan izango zituen akordio baten faltan, zehaztapenak egiteko ardura Espainiako Gobernuaren eskuetara pasa zen: Kultura eta Industria ministeriokoen ardura bilakatu zen. Berez, pasa den martxoaren 27rako erabaki behar zuten. Baina epea atzeratzea erabaki dute, hauek ere ezin akordiorik lortuta, antza.

Ez da harritzekoa. Informazioaren Jendartearen garapena frenatzen eta kaltetzen du kanon digitalak: kultura digitala zigortzen duen negozio gaiztoa da. Legediaren kartekin, kultura gero eta elitistagoa bihurtzea ahalbidetzen du kanon digitalak. Eseri, telebista ikusi eta ezer ez pentsatzea, ordea, doan da. Akulturazioari eskutik helduta datorren zerga zentzugabea da kanon digitala. Zentzugabea eta onartezina: dena delako obra artistikoen benetako egileen eskubideak babestu beharrean, egile eskubide horiek kudeatzen dituzten elkarteen aberastea soilik ahalbidetzen baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo