GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Konrado Mugertza Euskadiko Eskola kontseiluburua

Atzerapausorik inola ere ez

Hizkuntza baten benetako maila ez du legearen indarrak edota gure desioak ezartzen, erabilerak baizik. Eta horri dagokionez, eskola orkestra osoaren zatitxo bat baino ez da

Euskalgintzan laguntzat dudan Kontseiluko Iñaki Lasari erantzunez natorren lerro hauen bidez zenbait hausnarketa plazaratzeko aukera ere baliatu nahi nuke, inolako polemikarik elikatu eta inor mintzeko asmorik gabe, puntu batzuk argitu nahian, eta benetan sinistuz iritzien askotarikotasuna ez bakarrik onargarria, baizik eta, berez ona dela.

Lehendabizi, ñabardura bat egin nahi dut. Apirilaren 5ean GARAn plazaratutako artikuluan zehar bost aldiz aipatzen da «Eskola Kontseiluko lehendakaria» edo kontseiluburua. Zinez, gehiegitxo iruditzen zait pertsonalizazio hori, kontuan hartuz nire adierazpen guzti-guztiak Euskadiko Eskola Kontseiluaren izenean eginak direla. Ez dut uste azaleko kontu bat denik, Eskola Kontseilu honek erabakitzen eta adierazten duena, bakoitzari gustatu edo ez, askoren eta askotarikoen hausnarketa, eztabaida eta akordioaren fruitua baita. Horrexek ematen dio balio berezia eta horrexek ematen dit niri ere, indarra, segurtasuna eta babesa. Beraz, «kezkagarria» ez da zertan izan, kasu honetan, kontseiluburuak adierazten duena, baizik eta, izatekotan, hezkuntza alorreko gehiengo zabal batek uste duena. Batzuek ausardia gehiago eskatzen diote erakunde honi. Baina, zer da ausardia? Partizipazioaren eta akordioaren etxe honetan ausardia errealitateari uko ez egitea da, nor bere posizioetatik mugitzeko gaitasuna, kontsensua bilatzea, zerbait galtzen jakitea gehiago irabazteko.

Beste prezisio bat egin beharrean nago. Zera aipatzen da artikuluan: «Jakin badakigu, Eskola Kontseiluko lehendakariak hitz egiten digunean, gaur egun dituen baliabideez eta arkitektura juridikoaz ari dela...». Nondik «jakin badakigu» hori? Gure akordioan eta txostenean araudi berria eta baliabideak hainbat aldiz aipatzen dira. Nork pentsa dezake bata eta bestea gabe bide berriari ekin dakiokeenik? Kon- tseilu honek ez, eta ez du sekula horrelakorik adierazi. Bere dokumentu publikoetara jotzea baino ez dago hori egiaztatzeko.

Erraza izan daiteke legeak aldatu, dekretuak egin eta baliabideak lortzea. Zaila dena da pentsamoldeak aldatzea, errealitate soziologiko eta soziolinguistikoa aldatzea... eta epe ertainera prozesuaren bermea izango den akordio zabala lortzea. Izan ere, legeak eta baliabideak egon dira eta badaude, baina ez ditugu helburuak bete. Bestalde, egin den ahalegina eta aurrerapena euskararen ezagutzan handiak izan dira, eta hala aitortzen digute askok nazioarte mailako perspek- tibatik ikusita ere. Baina gutxi aurreratu dugu erabileran. Euskara ikas- eta irakas-hizkuntza bihurtu dugu; ez behar adina, ordea, lan-hizkuntza, ezta administrazio-hizkuntza eta komunikazio-hizkuntza ere. Administra- zioaren zati dezentea badago euskaldunduta. Eta? Zenbat erabiltzen da euskara egunero administrazioan? Barrutik egiaztatu ahal izan dut zenbait urtez: oso gutxi. Gure herri askotan gurasoek euskaraz egiten diete euren seme-alabei. Eta gero askok gaztelaniaz egiten dute euren artean eta euren lagun euskaldunekin ere, umeen aurrean. Nola eman behar diogu buelta horri?

Ados nago esaten denean erreformak «mota guztietako baliabideak eskatuko» dizkigula. Bai, mota guztietakoak. Eta susmoa dut, eta oker banago, barkatu, baliabide emozionalak ez direla aintzat hartzen planteamendu horretan. Egia esateko, eta gordin xamarra ematen badu ere, inposizio kutsua antzematen diot: «administrazioaren esku-hartze zuzena, kasua iritsiko balitz neurri ekonomikoak, ikastetxeen autonomia ez dadin izan kontrolik gabeko taifa-erreinua»... Ikastetxe eta eskualde batzuen errealitatearen diagnostiko lausoa, aurreiritziak eta konfiantza falta sumatzen ditut lerro horietan. Euskararen normalizazioan arrakasta izan nahi badugu, euskararen aldeko jarrerak sustatu beharko ditugu, eta uste dut «esku gogorreko» jokamolde horrek mesede baino kalte gehiago eragingo lukeela.

Derrigorrezko eskolaldia amaitzerakoan ikasle guzti-guztiei eskatuko beharko litzaiekeen euskarazko maila minimoari buruz- ko eztabaida bizian murgilduta gaude aspalditxoan. Eskola Kontseilutik, datu asko mahai gainean eta iritzi asko mahai inguruan, erakunde hau osatzen dugun guztion asmo onenarekin, ez dut zalantzarik, horri buruzko hausnarketa plazaratzeko «atrebentzia» izan dugu. Ez dugu uste baina, oker ibil gintezke, noski, eta nahiago nuke denborak besterik erakutsiko baligu.

Euskararentzat ez dugu inola ere gaztelaniarentzat baino kategoria baxuagoa nahi. Esan beharra ere? Baina hizkuntza baten benetako maila, ez du legearen indarrak edota gure desioak ezartzen, erabilerak baizik. Eta horri dagokionez, eskola, funtsezkoa bai, baina orkestra osoaren zatitxo bat baino ez da. Jakin dakigu hizkuntza baten ikaskuntzan eta erabileran eskola eta ereduarekin batera beste faktore batzuek ere eragin nabarmena du- tela, esaterako, eremu soziolinguistikoak, familiaren maila sozio-ekonomiko eta kulturalak edo motibazioak. Beraz, eta eskola kokatuta dagoen komunitateari erantzuteko egokiro hornituaz batera, zuzendu ditzagun gure indarrak eskolaz besteko eremu zabal eta anitzetara ere.

Atzerapausorik inola ere ez. Baina, zer da aurrera egitea? Zerk oztopatu du gehien euskararen aurrerabidea? Hizkuntza politika eta hezkuntza politika «epelek»? Baliabide faltak? Ala kontsensu sozial nahikoa ez izateak? Eta zergatik hori? Seguruenik, erantzun bakarra ez dago.

Erronka konplexu baten aurrean gaude, alabaina, inoiz baino egoera hobean. Uste dut nahastu egiten ditugula sarri askotan nahiak eta errealitateak, horizonteak eta helburu operatiboak. Honen guztionen inguruko hausnarketak ekarri gaitu, xede eta espektatiba gorenei uko egin gabe, eta hezkuntza mundutik ahalegin galanta egiteko prest, pragmatismo ttantta batzuk jartzera debate aberasgarri honetan. Euskararen eta euskal gizartearen onerako izango delakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo