GARA > Idatzia > Kultura

Mikroipuinekin eta aforismoekin osatu du Linazasorok «Diotenez»

Erein argitaletxeak, Euskadiko Kutxak eta Donostiako Udalak joan den hilean emandako literatur sariak irabazi dituzten lanak kalean daude: Karlos Linazasororen «Diotenez" ipuin edo aforismoen bilduma eta Aitziber Etxeberriaren «31 baioneta" nobela historikoa.

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Etzi, astelehenean, Liburu Eguna dela-eta, azoka paratuko dute, urtero legez, Donostiako Gipuzkoa plazan. Hori dela-eta, Erein argitaletxeak, Euskadiko Kutxak eta Donostiako Udalak martxoan eman zituzten literatur sarien irabazleen liburuak aurkeztu zituzten atzo. Karlos Linazasororen (Tolosa, 1962) «Diotenez» lanak narratiba saria eraman zuen; eta Aitziber Etxeberriaren (Zarautz, 1973) «31 baioneta»k, berriz, Donostia, «Opera Prima» saria.

Aitziber Etxeberriaren «31 baioneta» liburua «nobela historikoa» dela jakinarazi zuen idazleak, 1813ko Donostian girotua. «Garai oso nahasiak ziren, gogorrak, Espainiako independentzia gerra egon zen orduan, eta euskal aduanekin arazoak zeuden. Urte batzuk lehenago, gainera, 1793an, Espainia eta Frantziaren arteko Konbentzio gerra egon zen eta, horren ondorioz, euskal gizartea oso egoera zailean zegoen», azaldu zuen. Hain zuzen, gerra egoera horretan girotu du Etxeberriak lan berria.

Pertsonaia nagusiak historia horren lekuko dira. «Protagonistetako bat Napoleonen tropen soldadu bat da: François. Eskarmentu handiko militarra da, kanpaina askotan parte hartua, Egipton, Portugalen, Espainian; eta orain Donostian dago». Bizipen latz horiek nortasuna gogortzen diote. «Izaera bortitza dauka, menderatzailea da. Badaki herritarrengan boterea duela eta horretaz baliatzen da, gainera», erantsi zuen. Gogortasun horren atzean, baina, ahuldadea ere ezkutatzen da. Ikusmena galtzen ari da, baina inork jakiterik nahi ez duenez, petrikilo batengana jotzen du.

Petrikiloa Uliako Beatriz da, nobelako bigarren protagonista. Alarguna da eta alaba bat dauka. Iragan oso mingarria izan du eta errealitatetik aldentzeko Uliako bere baserrian bakartuta dago aspalditik. Françoisek berarengana laguntza eske jotzen duenean, ostera, bakartze eta lasaitasun horretatik ateratzen du, eta «bizitza hankaz gora» jartzen diola adierazi zuen Etxeberriak. Beatrizek Inkisizioarekin izandako arazoak gogorarazten dizkio soldaduak, nahiz eta Beatrizek uste zuen inork ez zekiela horren berri.

Hirugarren pertsonaia Donostia bera da. Hasieran kokagune fisikoa baino ez dela, baina gertaerek aurrera egin ahala, pertsonaia bihurtzen dela adierazi zuen idazleak.

Ipuingintzaren gorentasuna

Bestalde, Linazasororen liburuak narratiba saria irabazi du, baina ez da nobela bat «mikroipuinez osatutako bilduma» baizik, Iban Zaldua idazleak argitu zuenez. Haren iritziz, diruz oparo hornitutako sariak nobelek irabazi ohi dituzte, eta kasu honetan bestela izanagatik poza azaldu zuen. «Horrek erakusten du euskal literaturan ipuingintzan nobelagintzan baino hobeto gabiltzala», esan zuen Zalduak. Genero horren ezaugarri guztiak betetzen dituela deritzo. «Jolasa, ironia, irakurlearen konplizitatearen bila doa...». Ipuinak, bai, baina olerki kutsua ere hartu dio Linazasororen lanari. «Poema liburu kamuflatua da, testu askori darion lirismoagatik», baietsi zuen Zalduak.

«Diotenez» lanak Linazasororen aurreko liburuen gai bertsuak ditu ardatz. «Ohikoak diren gaiak eta obsesioak aurkituko ditu irakurleak liburu honetan», jakinarazi zuen Zalduak. «Errealitatearen absurduari buelta ematen dioten pasarteak; surrealismoaren mugetan gertatzen direnak kontatzen dizkigu; jolas metaliterarioak egiten ditu, hizkuntzarekin jolasak, bidaia fantastikoak, umorea eta horrorea tartekatu...». Linazasorok berak aitortu zuen: «Nik ez dakit nobelak idazten. Gustuko nuke istorioak kontatzen jakitea, baina nire liburuetan ez dago istoriorik; ez da ezer gertatzen. Bizitzari buruzko hausnarketak dira».

Robert Walser idazle suitzarraren esaldi batek hausnartzeko aitzakia eman zion tolosarrari: «Zoriontasunak ez du liburu baterako materialik ematen, autosufizientea delako».

«31 BAIONETA"

Donostia gerran dagoela, Napoleonen soldadu bortitz batek ikusmen arazoak ditu eta Uliako baserri batean bizi den Beatriz petrikiloaren laguntza eskatzen du. Ahaztu nahi duen iragana gogora ekartzen dio soldaduak Beatrizi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo