GARA > Idatzia > Kultura

Bizkaian eta Araban ere abiatu da Haur Kantari Txapelketa

GARA | BILBO

Haur Kantari Txapelketan parte hartu nahi dutenak oraindik ere izena emateko garaiz daude, Bizkaian eta Araban, behintzat. Izan ere, Bizkaiko kanporaketak honakoak izango dira: apirilaren 28an, Ugaon; maiatzaren 5ean, Getxon; maiatzaren 12an, Mungian, eta maiatzaren 19an, Gernikan. Lau kanporaketa horietan sailkatutakoek finala ekainaren 2an jokatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Bertan irabazle ateratzen direnek Bizkaia ordezkatu- ko dute ekainaren 10ean, Biarrizko Gare du Midin, jokatuko duten Euskal Herriko Haur Kantari Txapelketako finalean.

Final horretan parte hartuko duten Nafarroa Garaiko eta Gipuzkoako ordezkariak dagoeneko aukeratuta daude. Lapurdikoak, berriz, bihar aukeratuko dituzte, Urruñan; Zuberoakoak, maiatzaren 6an, Maulen; Arabakoak, maiatzaren 19an, Laudion, eta Nafarroa Beherekoak, maiatzaren 20an, Irisarrin.

Banaka, binaka, taldeka

Arestian esan bezala, interesa dutenak, Bizkaian eta Araban, behintzat, oraindik izena emateko moduan daude. Haur Kantari Txapelketa antolatzen duen Euskal Kantuzaleen Elkartera jotzea baino ez dute (Juanjo Zelaia, 94-6743262).

Txapelketako arauek bi sail bereizten dituzte: a capellako kantua eta soinu tresnekin lagundutakoa. Halaber, sail horietako bakoitzak hiru azpisail ditu: banaka, binaka eta taldeka. Arauek bi kantu mota bereizten dituzte: kantu tradizional edo ezagunak eta kantu berri edo kreaziozkoak. Parte hartzaileen adina ere kontuan hartzen dute Txapelketako antolatzaileek. Izan ere, alde batetik 6 eta 10 urte bitarteko haurrak aritzen dira eta, bestetik 10 eta 15 urte bitartekoak.

Urteak daramatza Euskal Kantuzaleen Elkarteak Txapelketa antolatzen. Galtzear edo ia ahaztuta dauden kantuak gogoratzea, euskal kantugintzaren aberastasuna ezagutaraztea, kantari berriak plazaratzea eta, oro har, kantuzaletasuna bultzatzea ditu helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo