GARA > Idatzia > Euskal Herria

Debak eta Euskal Herriak Jokin Gorostidiren eredua gogoraraziko dute gaurko ekitaldian

GARA |

Debako Zumardiko kioskoan, ekitaldi bat egingo dute gaur, 13.00etan, Jokin Gorostidi ezker abertzaleko militante historikoa omentzeko. Duela urtebete hil zen Gorostidi, eta lagun eta ezagunekin batera, jende mordoak oroituko du haren eredua.

Izan ere, Euskal Herria askatzeko borrokan urte asko eman zituen, bikotekide eta lagun Itziar Aizpuruarekin batera. Beti ibili ziren biak, elkarrekin, herri honen hobebeharrez, duten guztia ematen.

2006ko apirilaren 25ean zendu zen Gorostidi, Aizpuruarekin batera Debara zihoala bihotzekoak emanda. Donostiatik bueltan zihoazen biak, abokatu Iñigo Iruinekin bildu baitziren egun horretan.

Izan ere, Auzitegi espainolak ondo baino hobeto ezagutzen zuen Gorostidi 18/98 makroauzian inputatuta zegoen beste dozenaka euskaldunekin batera, eta epaimahaiaren aurrean deklaratu beharra zeukan egun horietan.

Aspalditik gaixo zegoen, urte askoan erbesteratuei babesa ematearren egindako lanagatik gaixotasun larriak hartu baitzituen, eta epaiketa horrek eragindako ezinegonak heriotza ekarri zion azkenean.

Berak ezker abertzalearen azken 40 urteetako irudia islatzen zuen, gazte-gaztetatik ibili baitzen Euskal Herriaren aldeko borrokan.

Burgostik Madrilera

Horiek hala, Aizpurua bera bezala, Gorostidi 1970ean Burgosen hainbat euskaldunen aurka egindako epaiketan auzipetu eta epaitu zuten. Baita zigortu ere. Bi heriotza zigor ezarri zizkioten epaile frankistek.

Txirrindularia, mendizalea eta musikazale handia, herri honek betetzen zuen, bere Itziar maitearekin batera, bihotzeko zatirik handiena, eta horregatik lanean jarraitu zuen hurrengo hamarkadetan ere.

Eta, hain zuzen, horrek eraman zuen, 35 urte geroago, Madrilgo Casa de Campora, berriz ere epaimahai espainol bati aurre egiteko. Hala gogorarazi zuen berak Debako «Idaztiñoan» epaiketaren gaineko gogoetak idatzi zituenean. Berak idatzitakoa gogora ekarri eta bere egin zuten 18/98ko auziko kideek, eta epaiketaren azken egunean Gorostidiri omenaldi xume eta hunkigarri bat egin zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo